GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Fredi Paia Bertsolaria

Hiruetan jarrai?

Gizarte osoa zerbaiten alde egon arren, nahikoa dira lau dirudun injustizia lege bihurtzeko. Etorkizuneko galdera dator ondorioz, nondik jo Maurizia?

Bilboko giro modernistan ibili ohi den «Lekazoro» maiteak atera zuen gogoetarako sujeta. Guztiok izan gura dugu pertsona on eta maitagarriak, baina flower-powerrak, orain txakurtxirula deitzen dioten espainiar jatorriko gizarte mugimenduak, mundu berri baterantz aurrera egiteko oinarrizko ezintasunak agerian ditu.

Egoera berri batean gaude, baina gaia zaharra da. AEBetan izan den gazte belaunaldi iraultzaileenari eraldaketaren bidea drogatu eta larrutan egitea zela iruditu arazi ziotenetik, gutxienez. Zaletasun biak ditut maite, baina horiek ezin dute izan bizitzaren ardatz. Oreka pertsonalaren gai desorekatu eta inpertsonalean sartu barik. Ezin dugu ekintza zuzenik gabeko itxura transzendentaleko elkarrizketa, elkarretaratze eta sinadura bilketetara mugatu gizarte hobea eraiki gura dugula badiogu. Hiltzen garenean bizi izan garela frogatuko duen zerbait utzi gura badugu.

Ez ei dago hogei urterekin ezkerrekoa ez den gurasoen subentziodunik ez eta berrogeirekin eskuinekoa ez den hipotekadunik. Eta esperientziadunak mundutik bueltan datorrela uste duenez, ilusiodunak egiten duen guztia eginda dagoela ez dakien neurri berean, behin eta berriz jarraitzen dugu Godoten esperoan.

Edozein gaztetxek balio lezake, baina hedabideen eta urteetako erreferentzialitateagatik Kukutza gaztetxearen hustuketa eta erauzpena izan liteke adibiderik egokiena. Jarrera batzuk operatiboki antzuak direla erakuts liezaioke urteetan beste bitarteko batzuen antzutasuna ekintza ludikoekin ordezkatu gura izan duenari. Euskal gizartearen gehiengoak bizkarra eman zion guztion eskubideen alde armekin zebilenari. Are gehiago, estatuen errepresio dinamiketan parte hartu zuen moralaren izenean. Kolore, irribarre, bertso eta zirkuz otsoak ardiak jateari utziko ziola pentsatu gura zuen zenbaitek. Baina gauza bat da gurasoei nire bizimodu koloretsuaren guda irabazi izana, eta beste oso ezberdina bizimodu koloretsu horren ondorioz isunak edo kartzela etortzea.

Bilbotarren gehiengoak Azkuna egin zuen Bilboko Alkate. Euren herri zein auzoetako okupazio mugimenduak bultzatzen egon beharko luketen ehunka gazte Errekaldeko proiektuan zentralizatu eta Ghandiri hilosteko kokotekoa eman zion. Ondorioa, gizarte osoa zerbaiten alde egon arren nahiko dira lau dirudun injustizia lege bihurtzeko. Etorkizuneko galdera dator ondorioz, nondik jo, Maurizia?

Hauteskundeen bidez zenbat botere lor genezakeen jakiteko denbora beharko dugu. Eta galderari askoz lehenago erantzun behar zaio. Ekintza zuzenak jendea urruntzen du. Flower-powerrak gizartearen atxikimendua lortzen laguntzen du. Baina bide batetik zein bestetik, EH eskubiderik gabe eta Kukutza gure bihotzetan baino ez.

XXI. mendeko ezker euskaldunak sintesi lana egin beharko du. Gizartearen atxikimendua galaraziko ez duten ekintza zuzenetan parte hartuko duen jendea. Isunetarako zein era guztietako ondorioen babeserako bitartekoak eta dirua ipiniko dituen gizarte multzoa. Botere instituzionalarekin, sardearen hirugarren muturrarekin koordinaturik eta elkarlanean. Hiruetan jarrai?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo