GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | irakaslea

Politika mugiarazi

Injustiziak elkartasuna indartzen baitu, injustiziak indarberritzen gaitu. Euroaginduaren kontrako kanpainaren denboran ongi erakutsitako kemena berriz ere agertuko da gazte abertzaleen defentsan

Metodoa ez da aldatzen eta egutegia Parisen dagoen Gobernuarena da. Hauteskundeak hurbiltzen ari dira eta Parisek hemengo herritarrei erakutsi behar die nork manatzen duen eta bazterrak ongi zainduak direla. Hau da Pariseko egutegia, heldu diren Presidentetzarako hauteskundeak, Sarkozyk irabazi nahi dituenak. Hemengo egutegia, hemen egiten diren urratsak, hemen dagoen debatea, hemen dauden aldarrikapenak, eskariak... bost axola! Aldiz, UMPk ongi lan egiten duela argi utzi behar du, bereziki azken emaitza txarren ondotik! Beste garai batzuetan hemengo eskuinak erraten zuen bezala, «enbata zikinak» zirenak, edo «espainolak», edo gaurko haien «hiztegian» «terroristak» deitzen dituztenak, atxilo eta preso eraman behar dituzte. Hau da jarraitzen duten logika. Ez dute ulertzen hiztegi horrek ez duela oihartzunik gure karriketan, nahiz eta kontrolpean duten prentsan etengabe mezu berak pasatzen segitu.

Naia eraman dute, txosten ziztrin bat eraiki ondotik. Epaiketak nola iragaiten diren ikusiz, erraza da ulertzea hemen militante abertzalea izanik soilik errudun zarela. Zerrendak luzeak dira eta interesen arabera hautatzen dute zein eraman, zer herri hunkitu, polizia aditu asko daude haien bulegoetan nola jokatu behar duten pentsatzen ari. Egiten dituzten urrats guztiak ongi ebaluatuak dituzte, beren kriteriologien arabera!

Baina gaizki kalkulatzen dute, gero eta gazte gehiago mobilizatzen baita errepresio uhain horien ondotik. Gazte horiek oso ezagunak dira, inguratuak eta sostengu gero eta zabalagoa lortzen dute. Nolanahi ere, hau da Parisetik erabakitako politika, erakutsi behar duguna, debaterik nahi ez duena, ukapenaren bidea jarraitzen duena. Injustiziak elkartasuna indartzen baitu, injustiziak indarberritzen gaitu. Euroaginduaren kontrako kanpainaren denboran ongi erakutsitako kemena berriz ere agertuko da gazte abertzaleen defentsan, orain arteko erein haziak loreak ekarriko ditu, dudarik gabe!

Euskarazko prentsa zigortu dute euskaraz soilik idazteagatik. Zer dabil Brisson jauna euskararen alde lan asko egiten dela erraten, zer dabil Maitia jauna Euskararen Erakunde Publikotik, zer dabiltza hautetsi horiek guztiak erraten euskara laguntzen ari direla, aukera guztiak baliatzen direlarik euskararen dinamika trabatzeko? Prestatzen ari den euskararen ofizialtasunaren aldeko manifestaldiak haize freskoa emanen digu lanean jarraitzeko, hau beste biderik ez baita horrenbesterainoko frustrazio eta umiliaziori bukaera emateko, benetako politika linguistiko eraginkorra martxan jartzeko eta erreparaziorako aurrekontuak lortzeko.

Udaberri gogorra heldu zaigu, baina mobilizaziorako aproposa, mobilizazioak higiarazten baititu politikan mugak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo