GARA > Idatzia > Euskal Herria

Senpere izena ofizialki onartua izan dadin sinadura kanpaina abiatu dute herritarrek

Idoia ERASO | SENPERE

Saint-Pée-sur-Nivelle du egun izen ofiziala Senpere Lapurdiko herriak, eta ofizialki Senpere izan dadin sinadura kanpaina jarri zuten abian atzo. Udazkenera arte arituko dira sustatzaileak senpertarren eta euskal herritarren sinadurak biltzen. Atxikimendua paperean zein http://senpere.wordpress.com blogean eman daiteke. Igandean Herri Urratsen izanen dira horretan. Kanpaina Euskaraz Bai dinamikaren inguruan sortu den herritar talde batek antolatu du.

Kontseiluak Senperen egin duen ibilbidearen ondotik, euskararen presentzia sustatzeko herri dinamika jarri dute abian eta norbanakoak eta elkarteak batzen ditu. «Senpere izena usaiaz erabilia da, baina ez da ofiziala. Hain erabilia izanik, zertako ez dugu ofizialki aldatzen? Frantsesez ere hemengo jendea senpertar da. Argia da», adierazi zuen Joanes Etxeberri senpertarrak.

Euskal Herrian Euskaraz-eko Seb Irazokik horrela azaldu zuen desmartxa: «Gure herria Senpere deitzea nahi dugu eta sinadura bilketa bukatzen delarik Herriko Etxeari galdegingo diogu izen ofiziala aldatzea». Behin udalak onartuta eskaera suprefeturara igorriko dute.

Sustatzaileek ez dute horrelako beste eskaerarik aurkitu Estatu frantsesean; beraz, ez dakite egitasmoa nola garatuko den. «Urrats aitzindaria da, baina gure ondarean oinarritua, armarria ere euskaraz dugu: `Bortiz eta on'» nabarmendu zuen Irazokik.

Kontseilua

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren izenean Laida Mugicak ekimenaren sorrera azaldu zuen: «Kontseiluak Euskaraz Bai dinamika sustatzen du Euskal Herriko hainbat herritan. Helburua euskararen tokia handitzea da herriko sektore ezberdinetan, herritarrek hautatu eta antolatu ekimen desberdinen bitartez. Senperen, Bai Euskarari Akordioa eta Ziurtagiria duela urte batzuk garatu ziren».

Egungo egoeraren berri ere eman zuen Mugicak: «Orain ezinbestekoa da herritarren dinamika, orain arte egin diren urrats horiek indartzeko. Herriko elkarte eta norbanakoek lehen lan gisa izenpe bilketa antolatu dute herriaren izen ofiziala Senpere izan dadin. Lanean hasteko ekintza polita eta federatzailea iruditu zaigu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo