GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

himalaia Denboraldia

Everest, bi igoera estilok talka egiten dutenean

Lehen eguraldi leiho on tartean, munduko mendirik garaienean, 300 bat mendizalek gailurra zapaldu dute; horietarik soilik bi oxigeno artifizialik gabe igo dira: Ueli Steck suitzarra eta Tenzing nepaldarra. Espedizio komertzialak, beste behin, ezbaian jarri dira.

p048_f02.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Ohi den legez, montzoi aurreko denboraldian Sagarmathak edo Chomolungmak (Everest ia denentzat) ia begirada guztiak bereganatzen ditu. Berdin dio beste zortzimilakoetan zein garaiera txikiagokoetan egiten diren erronkak erakargarriak diren edo ez. Berdin dio «erraldoi» horretan jarduera interesgarriak egiten diren ala ez. Kontua da munduko mendi garaiena dela eta aldapa haietan ehunka mendizale elkartzen direla.

Europako bihotzean guru eta goi mailako espezialista batzuk alpinismoaren inguruan hausnartzen eta eztabaidatzen ari diren bitartean, Everesten indarrean dagoen aurtengo denboraldiak aurrekoen gidoi bera jarraitzen du.

Espedizio komertzialen eskutik, ehunka eta ehunka mendizale zortzimilakoetan izarra den mendira bertaratu dira. Eta azken urteotan bezalaxe, horiei guztiei bide «gozoa» prestatu diete, hots, gailurreraino soka finkoa eta makina bat oxigeno botila.

Beste mendizale gutxi batzuk, berriz, beste estilo bat aukeratu dute gailurra zapaldu ahal izateko. Beste era batera esanda, oxigeno artifiziala albo batera uztea erabaki dute.

Nepalgo zein Tibeteko langileek glaziarretik gailurrera arteko bidea soka finkoez hornitu eta lehen eguraldi leiho on tartea iritsi ondoren, Everestek lehenbiziko «erasoaldia» jaso zuen. Hilaren 18tik 20ra iritsi ziren lehen igoerak; guztira, gutxi gorabehera, 300 bat. Batzuk Tibeteko ohiko bidetik eta beste batzuk Nepalgo bide klasikotik. Bai, hiru egun horietan 300 lagunek zapaldu zuten gailurra. Eta 300 horietatik soilik bi oxigeno artifizialik gabe igo ziren.

Kritika ugari

Horietako bat Ueli Steck suitzar aski ezaguna. Eta harekin, joan den 18an, kide duen 21 urteko Tenzing nepaldarra igo zen. Gogora dezagun iaz Steck Everest igotzen saiatu zela, baina tontorretik 100 metrora zela, buelta erdia egin zuen oinetako izozteak saihesteko.

Beste mendizale batzuk saiatu dira estilo berean igotzen, baina ezin izan dute. Horien artean dira Nacho Orviz, Ferran Latorre, Ralf Dujmovits...

Orviz eta Latorrek, adibidez, oso kritika gogorrak jaurti dizkiete espedizio komertzialei: «Ez gaude bat igoera horietan gertatzen diren egoerekin; oso jarrera desegokia dute. Gailur asko izan dira; hori onartzen dugu. Baina, nola igotzen dira? Alboan makina bat xerpa dituzte, oxigeno botilak erruz ikus daitezke... Horietako mendizale mordoa 7.000 metrotik gora «entxufatuta» zeuden. Harrigarria da ere mendi hau kanpaleku nagusitik gailurrera arte dagoen tartea soka finkoez ikustea. Berdin dio iparretik edo hegoaldetik; egoera tamalgarri bera da».

Aipatu dugu ere Dujmovitsek ere ezin izan duela bere asmoa bete. Alpinista horrek adierazi du mendiaren goialdean butxadura gertatzen dela: «Goi alde horretan benetako arazoak izaten dira. Adibidez, hirugarren kanpalekutik (7.400 m) laugarrenera (7.900 m) iristeko lauzpabost ordu behar dituzu. Dagoen masifikazioarekin, berriz, zazpi eskatzen dizkizu. Botilekin joaten direnek ez dute arazorik gelditzeko. Guk, berriz, ezin dugu denbora asko geldirik egon. Gogorra egiten da oso mendizale horiek guztiak gora doazela ikustea eta zuk kanpaleku nagusiko bidea hartzea».

Azken alpinista hauek deskribatu duten egoera ez da batere berria, eta, arestian esan dugun bezala, aurtengo denboraldia gidoi bera jarraitzen ari da. Eta hori diogu, lehen igoera horietan inolako berrikuntzarik ez delako izan. Igoera guzti-guztiak bi bide klasiko horietatik egin dira, eta bi mendizalek izan ezik, gainerakoek oxigeno artifiziala erabili dute.

Gainera, aurten ere «errekor» berriak iritsi zaizkigu. Horietako bat Tamae Watanabe japoniarrak sinatu du. Emakumezko horrek 73 urterekin tontorra egin du. Joan Clofent katalanak ere gailurra zapaldu du, baina hau pixka bat gazteagoa da; 66 urte ditu.

Eta, zoritxarrez, lehen igoera horietan ere hildakoak izan dira: hamaika, guztira. Batzuk biriketako edemagatik, beste batzuk nekeagatik...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo