GARA > Idatzia > Kultura

Literatura «gaitzaz» hausnartu du Iban Zalduak fikziozko, ironiazko eta fantasiazko ipuin-liburuan

Literaturaren alderdi ezberdinetan barneratzen diren 21 ipuinek osatzen dute Iban Zalduaren «Idazten ari dela idazten duen idazlea» (Elkar) ipuin liburua, epe luzera gaixotasun bihurtu baitzaio literatura.

p049_f02_96x88.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Gaixotasuna onartzea izaten omen da konponbiderako lehen pausoa, konpondu nahi bada, eta Iban Zalduak (Donostia, 1966) onartzen du literatura droga moduko bat dela beretzat; epe laburrean plazera ematen du, baina luzera gaitz bihur liteke. «Liburu hau egitean onartzen dut zer naizen, literaturaz gaixo dagoen norbait, literatura eta gaixotasuna oso lotuta daude. Gaixotasunez beteriko haurtzaroak izan ditugunok, ohea, sukarra eta literatura, nire kasuan behintzat, oso lotuta dauzkagu. Ni ez naiz artista bat, gehiago naiz artisau bat, eta artisauek ez ditugu obsesioak, baizik eta, gehien jota, maniak. Eta mania horiek dira jorratu nahi izan ditudanak liburu honetan», azaldu zuen atzo «Idazten ari dela idazten duen idazlea» liburuaren aurkezpenean. Hain zuzen ere, «Edo literatura gaixotasun gisa» azpititulua gaineratu dio lanari.

Ipuin liburua osatu du Zalduak, eta ez ipuin bilduma, nahiz eta prozesua alderantzizkoa izan den. Ipuin sorta batetik aukeratzen joan da eta azkenean, gelditu zaizkionak, gai beraren ingurukoak suertatu zaizkio. «Liburu txiki bat da, neurri batean kimu bat. Ez da ipuin bilduma bat, beti izan naiz bilduma zalea baina azken biak liburu atera zaizkit, `Biodiskografiak'-en (Erein, 2011) pop mu- sikaz hitz egiten nuen eta hau literaturari buruzko hausnarketa da, fikzio moduan emanda».

Idazleak, kritikariak, sariak, irakurleak, itzultzaileak, dendak, irakurle-klubak... ageri dira ironiaz eta, hainbatetan, fantasia kutsuz jantzitako ipuin hauetan. «Gehienetan ez dute amaiera onik, literaturak kalte egiten die», esan zuen aurkezpenean parte hartu zuen Santi Leonek. Ez da, ordea, zehazki euskal «literatur sistemaz» ari, Ur Apalategik «Fikzioaren izterrak» lanean egin zezakeen moduan, «hortik abiatzen naiz batzuetan, baina ipuin gene- rikoagoak idatzi nahi izan ditut».

«Metaliteratura» eta «autofikzioa» definizioak ekidin nahi izan zituen Zalduak, «termino berritzat hartzen badira ere Mendebaldeko literaturan antzinatik datozen terminoak direlako», azaldu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo