GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Europarrentzat ez gara europarrak, afrikarrak baizik. Ez gara euskaldunak, espainolak baizik.

Kotoia, tea edo urrea behar izan zituztenean, Afrika kolonizatu eta marra zuzenekin banandu zuten. Orain, olatu bila dabiltza.

Surflari Ernegatua

Imajina ezazue Euskal Herriko sega txapelketa Europako herrialderen batean, esaterako, Suitzan. Autobusetan sartu, bidaiari ekin, helmugara iritsi, jaitsi, ikurrina iltzatu, nahierako ikur eta marka izenak ezarri, eta epaileentzako talaia muntatu.

Orain imajina ezazue, Euskal Herriko aizkolari txapelketa Afrikako herrialderen batean, esaterako Zambian. Aurreko afera bera, joan, ikurrina iltzatu, propaganda ikurrekin lehia eremua inguratu eta egurra egurtu.

Zein da fikziozko bi hauen arteko aldea? Lehena, fikziozkoa da zentzu guztietan, ez da egingarria, ez da posible. Imajinatzen ere zaila da. Bigarrena ere fikzioa da, baina egingarria da, nahiz eta urrunago izan.

Orain, errealitatera joko dugu. Zarautzen, Suitzako surf txapelketa egiten dute. Autobusa iritsi, bi ateak ireki eta bertatik neska-mutil ederrak jaitsi dira, altuak, ilehoriak eta begi-urdinak. Zalantzarik gabe, goserik pasa ez duten belaunaldi anitzen oinordekoak dira.

Beraien ikurrina iltzatu, marka izen anitzen txartelak jarri eta lehiatzeari ekin diote. Amaitu ostean, sariak banatu, irabazleak txalotu, txistu bihurriak igorri, elkarren artean agurtu, erabilitakoak jaso, berriz ere autobusean sartu eta au revoir!

Itsasoan lehiaketa bat egiteko, Espainiako Ingurumen Ministerioari eskatu behar zaio baimena eta horren oniritzia jaso ostean Udalarekin jartzen gara kontaktuan.

Zarauzko edozein elkartek txapelketa bat antolatzen duenean, gutxienez Udalari jakinarazten dio eta, honek, laguntza emateko bere prestutasuna erakusten du. Ordainetan, gauza bakar bat eskatzen du, deialdi txarteletan babesle gisa Zarauzko armarria daraman udal ikurra jartzea. Justua dela uste dut.

Baina, egiaz, soilik Espainiako Ministerioak emandako baimena izatea nahikoa da. Udalak itsasora bidean igaro beharreko eremuan izan dezake eskumena, eta hor ere, bere gainetik Aldundia legoke. Beraz, forma kontua da. Suitzarrek ez daukate Zarauzko Udalarekin harremanetan jarri beharrik.

Udan, belgikarrak, holandarrak eta suitzarrak etortzen dira, Europa ez den herrialde exotiko honetara, Afrikara alegia, eta beraien kanpamenduak eraikitzen dituzte. Atzealdean, zinema oihal erraldoi bat ere badute, beraien hizkuntzan, beraien filmak ikusi ahal izateko.

Kotoia, tea edo urrea behar zutenean, Afrika kolonizatu eta marra zuzenekin banandu zuten. Orain, olatu bila dabiltza.

Astearte eta ostegunetan bi taberna alokatu eta beraien DJ eta tabernariak ekartzen dituzte; beraiek ekarritako edaria edan, beraien musika entzun eta beraien artean ligatzeko.

Herritarrok joan ezin dugun festa pribatuak dira. Ez dute bertakoekin ezer jakin nahi, ez dute bertakoengandik ezer behar, haientzat azpi-arraza bat baikara.

Eta ez da harritzekoa, izan ere, esan bezala, ez gaituzte ezagutzen, ez gaituzte euskaldun gisa ikusten, espainiar gisa baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo