GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Julen Zulaika, Naroa Geresta (*) Askapena, Bai Euskal Herriari

Hezkuntza, herritik herriarentzat. LOMCEri ez!

Herri honek bere hezkuntza sistema egituratzeko eskumena nahi eta behar du biziraun nahi baldin badu. Horregatik, hezkuntza sistema propio baten eraikuntzaren alde egiten dugu

Hezkuntzaren gaia bor-bor dabil jendartean eta eztabaida politikoaren erdigunean ere kokatu izan da, egiten ari diren murrizketengatik eta Madrileko Gobernutik PPk proposatutako LOMCE dekretuarengatik.

LOMCE izeneko hezkuntza erreforma hau, ez da bat-batean etorritakoa. Gainontzeko arloetako erreformekin batera, oinarrizko eskubideen murrizketekin batera, jendarte osoa eraldatzera dator, edota sakontzera, beti ere estatu interes zehatz batzuen arabera eta, nola ez, merkatuaren logikari erantzuteko.

Euskal herritarren asimilazioaren bidean beste bultzada bat dugu. Espainia pairatzen ari den Estatu identitate-krisia gainditzeko beste saiakera bat. Wert-ek argi esan zuen, ikasleen, etorkizuneko herritarren «espainolizazioa» zela beharrezkoa. Eta honi erantzutera dator LOMCE. Gure hizkuntzak eta kulturak ondorio larriak izan ditzakete neurri haue- kin, kulturaren, nortasunaren homogeneizazioa, uniformizazioa eta sexismoa indartzeko asmoa baitago honen guztiaren atzean.

Atzerapausoa suposa dezake. Baina argi dugu ere, egun duguna ere ez dela herri honek adostu eta sortutakoa. Werten erreformarik gabe ere, euskal hezkuntzaren egoera larria da oso; ditugun hizkuntza ereduek ez dute euskal ikasleen euskalduntzea bermatzen, curriculuma eta edukien gaineko eskumenak ere ez ditugu sekula izan, hezkuntza egituratzekoak... hori guztia eta gehiago Estatuak definitzen du. Erkidego autonomoen eskumenak, Estatuak ezarritakoaren mende hasten dira. Orain dugun ereduak ere ez du gure herriaren biziraupen eta garapena bermatzen. Batzuek kontrakoa errepikatu arren, Euskal Herriak ez du sekula izan bere hezkuntza-sistema ereduaren gaineko erabakiak hartzeko eskubiderik, ezta hau egituratzeko eskumenik ere.

«Zelako hezkuntza, halako herria» esaldiak, beraz, oso ongi islatzen du estatu ezberdinek hezkuntza arloan egiten dutena. Aldi berean, oso ongi islatzen du Euskal Herriak historian zehar egoera ezberdinen aurrean hartutako erabakiak eta erantzunak. Lege eta dekretu ezberdinen bidez gure herriko berezko izaera suntsitu eta homogeneizazio prozesua burura eramateko apustu sendoa egin izan dutenean, Euskal Herriak tresnak eraiki eta gure berezko hizkuntza, kultura eta ohiturak biziraun dezaten alternatibak sortzen jakin izan du.

Bultzatzen ari diren hezkuntza ereduaren aurrean bi norabide posible besterik ez daude: asimilazioan sakondu eta gure burua desagertzera kondenatu, edota herri gisa pentsatzea eta aritzea. Erantzukizunez jokatzea dagokigu guztioi. Herritar guztiena da hortaz, egoeraz jabe egin eta hezkuntza beste modu batera ulertu eta antolatzeko ardura izatea.

Artikulu hau sinatzen dugun herritarrok, herri mugimenduko kideak gara. Nahiz eta gure lanek problematika ezberdinei erantzun, nazio bereko proiektu baten ekarpenak direla pentsatzen dugu, horiek ikuspegi orokor eta askatzaile bat indartzen dutelarik. Arlo ezberdinetan lan egiten dugu, baina beti ere herri honen eraikuntzan, eta bide horretan, hezkuntzak duen garrantziaz eta herritar orok honen gainean dugun erantzukizunaz jabetzen gara. Hezkuntza herri proiektu gisa ulertzen dugu guk. Herri baten biziraupenari nahiz garapenari egiten dion ekarpenagatik eta herriak hezkuntzari ematen dion osotasunagatik. Herri honek bere hezkuntza sistema egituratzeko eskumena nahi eta behar du, biziraun nahi baldin badu. Horregatik, hezkuntza sistema propio baten eraikuntzaren alde egiten dugu, heziketa integral, kritiko, hezkidetzaile eta euskalduna bermatuko duena. Herriak eta herriarentzako eginda eta honen beharrei erantzungo diena.

Egingo diren mobilizazio ezberdinetan parte hartzera deitzen dugu. Hurrengo deialdia gaur bertan daukagu «Murrizketarik ez, LOMCE ez, Euskal Herrian gure hezkuntza!» lelopean antolatuak dauden mobilizazioetan. Ekimen hauetan parte hartuko dugu, baita sortuko diren beste guztietan ere.

Baina, erantzun dinamikak edota alterrnatibak ez dira Werten erreformari erantzuteko ikusmiran soilik artikulatu behar. Egiten ditugun hausnarketa eta praktikak Euskal Herriak behar duen Hezkuntza Sistemaren bidean eraiki behar ditugu.

Eta baditugu alternatibak, eta eduki ezean, hauek sortzea posible da! Orain arte, Hezkuntza Sistema Propioaren gabeziak hamaika ekimen, proiektu eta dinamika ekarri ditu gurean, nazio mailan eta parte hartze zabalarekin sortutako Euskal Curriculuma edota euskararen Kontseiluaren bueltan egindako Ikasle Euskaldun Eleanitzak sortzeko proposamena. Baita herri eta auzo mailan sortutakoak ere. Proiektu hauen jabe herritarrak dira. Herritik, herriarentzat. Beraz, edozeinek hartu eta bere herrian aurrera eramatera animatu daiteke; edota herri edo ikastetxeetan sortutakoak besteei eskaini. Horrela, inposaketen aurrean planto egin eta gurea eraikitzeari begirako sare bat osatuz, herriz herri, ikastetxez ikastetxe. Asmo isolatuak saretuz, batuz, tanta isolatuak uholde bilakatuz. Inposaketa guztiei aurre egingo dien uholde geldiezina sortuz eta guk erabakitakoa eraikiz. Eta hori dugu erantzunik eraginkorrena. Izan ditugun murrizketak, eta LOMCE dekretua ere ez baitira zoritxarrez azkenak izango. Beraz, erantzunaren aurrean soilik indarrak batzetik harago, gaurdanik gurea eraikitzeko bidean batu behar ditugu ahaleginak. Tokian toki, bakoitzaren herriaren errealitatetik abiatuta herri proiektuak aurrera eramatea posible da.

Indarra badugu, asko gara Hezkuntza Sistema euskaldun eta herritarra lortzeko bidean bat egiten dugunok. Elkartuz, hausnartuz eta lanean arituz eraikuntzan, herri honen eraikuntzan bidea egitea dagokigu.

(*) Artikulua honakoaek sinatzen dute: Julen Zulaika (Askapena), Naroa Geresta (Bai Euskal Herriari), Patricia Muñoz (Elkartzen), Itziar Arratibel (ESAIT); Ainhoa Larrabe (Euskal Herriak Bere Eskola), Joana Aurrekoetxea (Euskal Herriko Bilgune Feminista), Azaitz Gartzia (EHE); Xabier Lasa (Ikasle Abertzaleak), Aitziber Martinez de Lagos (Sortzen Ikasbatuaz)

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo