GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria

Azalak eta azalak (II)

 

Halaxe esan baitzion Lourdes Oñederrak ondoan zuen editoreari: «Ez dakit jarriko zenuketen halako azal bat, idazlea eta protagonistak gizonak balira». Idazleak ez zuen erantzunik jaso haren beharrik ez zegoelako. Jakin badakigu idazlea eta protagonistak gizonezkoak izan balira liburuaren azala oso bestelakoa izango zela. Ez txakurrik, ez hondartzarik, ez keinu malenkoniatsuko emakumerik. Editorearen hitzetan, Oñederraren lana «oso liburu intimoa» da. Eta zera gaineratu zuen: «Irakurri nuenean pentsatu nuen halakorik ez dagoela ia gure literaturan, oso unibertso intimoa du. Gauza nobeleskorik ez da gertatzen, baizik eta txikiak eta ñabardurazkoak». Horrela, bote prontoan, gutxienez bi euskal idazle etortzen zaizkit burura, antzeko literatura landu izan dutenak. Horietako bat ere ez da emakumea; beraz, intimotzat jo daitezke haien lanak? Zeren inpresioa baitut «intimo» hitza aipatzen den guztietan emakumeek idatzitako literaturaren sinonimo gisa erabilia dela, eta «intimoa» bada, hots, emakume batek idatzia, ezin du nobeleskoa izan. Baina zera jakin nahiko nuke, zerk egiten du nobela bat nobelesko? Ekintzak? Nola definitu ekintza baina? Tradizionalki gizonezkoen egitekotzat jo izan diren horiek (gerrara joan, gerrara joan, eta... gerrara joan, dela modu esplizituan dela metaforikoan-gizona bere ingurunearen aurka) bakarrik sartzen dira kategoria horretan? Ba ote da gizon batek idatzi eta «ez nobeleskotzat» jo izan den libururik? Are gehiago, gizonezko batek idatzitako nobela «ez nobeleskoa» dela esango genuke? Oñederrarenak bezala, ez dut uste nire galderek erantzunik behar dutenik.