Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoaren akordiorako mahaiaren bozeramaile izanik, sarri samar egokitu zait prentsaurrekoak ematea euskal gatazkaz. Azkena gaur bertan ETB-2ko “El punto” saioan, atzo Baionan... Eta guztietan, ETA erakundeak egin beharreko urratsez behin eta berriz galdetu didate, zehazki, su-etenaren inguruan. Horretaz gain, Tourraren bezperan egiten diren porra-k balira bezala hitz egiten dute hainbat politikarik azkenaldian su-etenaz, data zehatza asmatu nahian.
Hedabideak eta politikariak aitatu ditut egindako komentarioan. Desberdina izanik beraien ardura, desberdina izan behar du bakoitzari dagokion erantzukizunak. Hein batean normaltzat jotzen dut kazetarien galdera jarioa. Gatazkak aspektu mediatiko interesgarri asko ditu, epe motzekoak batzuk eta epe luzeagokoak beste batzuk. Konponbide prozesua luzea izanik, mila aukera izango dituzte hedabideek aditu eta politikariekin nahi adina elkarrizketa eta analisi egiteko. Hori dela eta, epe motzeko arrakastaren bila dabiltza medio gehienak: su-etenaren berria nork lehenago emango, ezin baita ukatu, kazetari ikuspegitik azterturik, interes eta garrantzi handiko berriaren atzean dabilela une oro kazetari ona. Horretan arazorik ez. Bestelako kuestioa da prozesuarentzat kaltegarriak diren albiste erratuak edo gezurrak espresuki zabaltzea, baina ez da hori gaurko nire aztergaia.
Politikariena da gaur mintzo naizen bigarren ardura. Horiena bai kontuan hartu beharrekoa. Euskal politikagintzak izan duen fase garrantzitsuenaren atarian gaudela esatea ez dut, zinez, gehiegikeria denik pentsatzen. Behingoz euskal gatazka politikoa konpon daiteke, eta horrekin batera gatazka armatuaren orrialdea historia liburuentzat utzi. Fase honetan, guztien ardura nabarmentzen da behin eta berriz, eta egiten direnak eta esaten direnak neurtu behar dira. Erakargarria suerta daiteke oso politikari batentzat premiazko informazioak zabalduz egunkarietako titular handia edo irrati-telebistetako minutuak lortzea, baina epe motzeko irabazi horrek epe ertain eta luzeko galera handia ekar dezake. Probetxu politikoa da azken finean alderdi guztien helburu normala. Guzti-guztiena. Arazoa ez da hori. Aprobetxamendu politikoaren lasterketa dinamika sortzea da arazoa. Batek onurak ateratzen dituela sumatzea besteen konfiantza ezak areagotu eta era berean beharrezkoa den ardura galarazi. Aspaldian gaude Euskal Herrian beharrezko baldintzak sortzen, eta alderdiek izan duten ardura aztertu beharreko aldagaia izango da, zer esanik ez aurrerantzean izango dutena.
Benetan uste dut euskal hedabide eta politikari guztiek arduratsu jokatuko dutela. Gehiegi daukagu jokoan. Herriak saritu eta zigortu beharko ditu hautestontzietan batzuk eta besteak. Ordura arte lasai. -