GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > PILOTA 2006-03-02
Paxkal EZKURRA | Pilotaria
«Lasai, presarik gabe atera beharra daukat larunbateko finala jokatzera»
Paxkal Ezkurra da trinketeko esku pilota profesionaleko zaleen itxaropenik handienetakoa. Urruñar gazteak estreinako final handia jokatuko du larunbatean Ozafrainen aurka. Badaki ez dela faborito izango, baina horrek presioa kendu eta lasaitasuna ematen dio. Berak bere lana ongi egin, eta ahal badu txapela nahi du.

Paxkal Ezkurra prest dago larunbatean Donibane Garazin Patrick Ozafrainen aurka jokatzeko. Urruñar gaztearentzat estreinako finala izango da, baina lasai dago, badaki galtzeko gutxi eta irabazteko asko daukala. Laguntzarik ere ez zaio faltako, anaiak, Patrickek, orain dela bost urte jantzi baitzuen txapela, eta haren aholkuak primeran etorriko baitzaizkio.

­Nola ikusten duzu finala?

Zaila. Ozafrainek jadanik bi txapel baditu, eta azkeneko norgehiagokan garbi utzi zuen zer nolako maila duen, eta badakit lan asko egin beharko dudala, baina hark ere hala egin beharko du.

­Zuretzat estreinako finala da. Hori nabaritzen al da?

Bai. Ez du berezkoetan Bakarkako finalik inoiz jokatu, eta nerbioetan-eta nabaritu daiteke, baina ni oraingoz lasai nago. Jokatzera joango naiz. Badakit partida zaila izango dela, baina nik dudana erakutsi nahi dut.

­Orain arte jokatu dituzun bi partidak erraz irabazi dituzu.

Bai, ongi aritu naiz, forman nago, garai onean iritsi zait txapelketa, eta gustura nago, ez baitaukat inongo arazorik. Hala ere, orain arteko bi partidak aurrelarien aurka jokatu behar izan ditut, eta finala, berriz, atzelari baten aurka izango da. Horrek ere dena aldatzen du.

­Horrenbesteko aldea al dago?

Bai, sekulakoa. Aurrelariei pilota atzean jartzen saiatzen gara, eta, ongi egiten baduzu, min handia egin diezaiokezu. Ozafrain, berriz, atzelaria da, eta alferrik da joko hori egitea. Harekin beste era batera jokatu beharra izango da.

­Finalean Ozafrain izango da faborito, horrek lasaitasuna ematen al dizu?

Bai, dudarik gabe, nik ez dut presiorik, hori berak izango du.Hura da txapelduna, eta hori defendatu behar du. Ni alde horretatik lasai nago, ni jokatzera eta gauzak ahalik eta ongien egitera joango naiz. Irabazten badut askorentzat ezustea izango da, eta galtzen badut normala izango da. Lasai, presiorik gabe kantxaratuko naiz.

­Boteak garrantzi handia izango du finalean ere ezta?

Bai, dudarik gabe. Bakarka sakeak min handia egiten du, hori erabakigarria izan daiteke, baina ez da dena. Esaterako, finalerdietan begira zer nolako aldea kendu zion Ozafrainek Kurutxariri, baina sake gutxiago sartu zituen.

­Orain dela bost urte zure anaia Patrickek jantzi zuen txapela. Hura alboan izatea garrantzitsua izango da ezta?

Dudarik gabe, gauza asko esaten dizkit, zer egin behar dudan, nola jokatu, baina batez ere lasai joateko esaten dit, hori dela garrantzitsuena. Hark badaki, eta haren animoak niretzat garrantzitsuak dira.

­Larunbateko finalean hura izango al duzu laguntzaile?

Ez, aita eta lagun bat izaten dira beti, eta haiek izango dira finalean ere. Haiek ere beti nire alboan dabiltza, eta haien esanak ere garrantzitsuak izaten dira; baina Patrick ere han izango da.

­Nola jokatu behar diozu Ozafraini irabazteko?

Oso serio, eta lasai. Hura bakarka oso ona da, eta harengana ezin da joan kintzea fite amaitzeko asmoarekin, bestela galdu egingo dut-eta. Lan egitera joan behar da, presarik gabe, partida gogortzera, eta sufritzera. Hori garbi izan behar da, bestela ez dago zer eginik.

­Txapelketa honen aurretik Superprestigioa jokatu zen, baina ezin izan zenuen finala jokatu. Zer gertatu zen?

Orduan ere ongi nintzen, ilusio handia nuen txapelketa hartan, baina finalerdietan nik galdu nuen. Ez dago aitzakiarik , partida nire esku egon zen, baina saketik falta bat ere egin nuen egin behar ez nuenean, eta azkenean nik galdu nuen, ez dago beste aitzakiarik.

­Ozafrainek, aldiz, ez zuen lehen fasea ere gainditu. Horrenbeste aldatu al da bi hilabetetan?

Patrick Orduan ez zegoen bere unerik onenean, sasoia hartzen ari zen, eta ez zuen bere maila ezta gutxiagorik ere eman. Bakarka han erakutsitakoa baino askoz ere gehiago da. Lehiaketa honetan, Idiarten aurka doi-doi irabazi zuen, bi kintzeko aldea soilik izan zuen, baina horrek lasaitasuna eta konfiantza eman zion, eta gero Kurutxariri egurra eman zion.

­Berezkoen finalerdietan zaharrenak, Ozafrainek, 30 urte zituen, eta beste hirurak 25 urteren bueltan zenbiltzan. Gazteak indartsu zatozte ezta?

Bai, gogoz gatoz, asko entrenatzen dugu iritsi garen lekura iristeko, eta Sorhuetek eta Kurutxarik ere maila handia dute. Baina ez gara gu bakarrik, berezkoetan gazte gehiago ere badaude maila handikoak, eta gurekin beste gazte batzuk ere ari dira entrenatzen. Kirol honek aurrera egiteko gazteak derrigorrezkoak dira, eta uste dut bide onetik doala.

­EPB enpresaren eragina nabaritzen ari da ezta?

Dudarik gabe, bestela trinketeko esku pilotak jai zeukan. Ikusten da ezker paretan ere enpresek zer nolako garrantzia duten, derrigorrezkoak dira, eta hemen ere horrela zela ikusten zen. Hori abian hasiz geroztik, gazteei beste ilusio bat ikusten zaie, uste dut lana ongi ari direla egiten, eta emaitzak ere hasi direla ikusten.

­Finala Donibane Garazin izango da. Bai Ozafrainek eta bai zuk ongi ezagutzen duzue ezta?

Bai, ez dago aitzakiarik. Urtean zehar partida anitz jokatzen ditugu han, eta trinkete ederra da jokatzeko. Ez dut uste bati baino besteari mesede gehiago egingo dionik, ez dauka guretzat sekreturik.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Narbona ordena instalar más sensores sísmicos en Itoitz
Euskal Herria
El consejero Balza asegura que «ETA tiene varios comandos operativos»
Euskal Herria
Castejón (PSN) falleció ayer tras una larga enfermedad
Mundua
Bush alaba los «progresos» en la ocupada Afganistán
Mundua
El Parlamento de Montenegro convoca el referéndum de autodeterminación
Euskal Herria
Emotiva despedida a Igor Angulo en el cementerio de Santurtzi
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea