BILBO
Komunikabide alternatiboetan aritzen diren hainbat gaztek gai horren inguruan egingo diren jardunaldien berri eman zuten atzo goizean Bilbon.
Komunikabide Alternatiboen Gazte Topaketak martxoaren 17tik 19ra bitartean ospatuko dituzte Bilboko Kukutza gaztetxean. Jardunaldien ideia iaz sortu zen Markinan ospatutako Gazte Mugi topaketetan. Hitzaldi horien helburuak euskal komunikabideen egoera puntuz puntu aztertzea eta helburuak gauzatzeko behar diren bitartekoak adostea dira. Horrez gain, antolatzaileek zera adierazi zuten: «Jardunaldietan gure artean dagoen inkomunikazioa gainditzeko bitartekoak adostuko ditugu».
«Topaketetan gaia interesatzen zaion edonor ongietorria izango da», gaineratu dute gazteek. Jardunaldien gaineko informazioa www.kontrainformatu.info helbidean aurkitu daiteke. Topaketen aurretik izena ematea beharrezkoa da parte hartzeko.