- Top 14
Avironek arriskuak uxatzeko aukera du
BAIONA
Avironek aukera paregabea dauka gaur jaitsierako postuak gero eta atzerago uzteko, zuzeneko arerio bat izango baitu gaur aurrez aurre Jean Dauguer zelaian.Montpellier izango da lapurtarren aurka arituko den taldea, gaur, 18.30etik aurrera. Partida hau irabazteak sekulako garrantzia izango du zuri-urdinentzat. Lapurdiko hiriburukoak hamahirugarren postuan daude, eta postu bat aurretik Montpellierkoak. Azken horiek, ordea, partida bat gutxiago dute jokatuta, eta gaur Baionan irabaziko balute, euskaldunen gainetik jartzeko modua egingo lukete, atzeratuta duten partida hori ere irabazita. Beraz, asko dago jokoan gaur Jean Dauguer zelaian. Hala ere, Avironek etxean ez du hutsik egin atzeko postuetan dabiltzan taldeekin, eta irabazi egin izan die orain arte. Hori bai, etxetik at galdu egin dituzte, eta Montpellierren ere horrela egin zuten. Orain arte jokatutako partidetatik lau irabazi, bat berdindu eta hamaika galdu ditu Avironek. 286 puntu egin ditu, eta 404 jaso. Lau puntu gehigarri egin dituzte. Montpellierrek jokatutako partida guztietatik lau irabazi eta 11 galdu ditu. 273 puntu egin ditu, eta 360 jaso; lau puntu gehigarri lortu dituzte. Beraz, Avironek puntu gehiago egin ditu, eta jaso ere bai. Gaur Montpellier baino puntu gehiago egin eta gutxiago jasotzea komeni da.
|