GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-03-04
«Desagertzetik urrun daude eskoletako zigorrak»
Egungo eskoletako ikasleei ezartzen zaizkien zigorrak ez dira, inondik inora, orain zenbait hamarkada ezartzen zirenen tankerakoak. Gizartea aldatuz doa, eta gizartearen eraldaketak ikastetxeetan ere eragina izan du. Sozialki arbuiatzen den zigor fisikoa desagertutzat jotzen da, eta bestelako zigor mota batzuei ematen zaie parada. Hala azaldu dute behintzat egungo zein orain hamarkada batzuetako ikasleek.

DONOSTIA

Eskolan haur eta gaztetxoei ezartzen zaizkien zigorrak iraganeko kontu ilunak dira askorentzat. Ez dira gutxi izango moja eta fraileen eskutik zaplatekoren bat edo beste, gutxienez, jaso dutenak. Egungo ikastetxeetan jarrera horiek arbuiagarritzat eta desagertutzat jotzen badira ere, zigorra ezabatu baino eraldatu egin da. Iritzi horretakoak dira Ikasle Abertzaleak taldeko kideak, eta argi eta ozen salatzen dute ikasleen eskubideak etengabe urratzen direla.

Fraile eta mojen garaiak urrun daudela aitortzen badute ere, egungo ikastetxeetako ikasle direnek bestelako zigor mota batzuk pairatzen dituztela azaldu dute. Aipatutakoaren argudio moduan, ikasleek agerian uzten dute zenbait eskolatan biltzeko eskubidea bera ere ukatu egiten zaiela.

Ikastetxez ikastetxe egoera erabat aldatzen bada ere, ikasleen antolaketarako ahalmena mugatzen duten zenbait puntu komun daude, batez ere greba eskubideari dagokionean. Horrela, DBHko ikasleek ez dute horretarako aukerarik; Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan Batxilergoan ere ez da aurreikusten greba eskubiderik; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan oztopo ugari izaten dira, eta hutsegite moduan hartzen da ikastetxe askotan; azkenik, Nafarroa Garaian gai akademikoekin loturik dauden grebak soilik onartzen dira. Eta erabaki hori ikastetxeko zuzendaritzaren eskuetan geratzen da.

Horrez gain, gero eta eskola gehiagotan daude zinpeko goardak eta kamerak, eta, Ikasle Abertzaleen iritziz, bi horiek zein «eskubideen murrizketak» ikaragarri mugatzen dute ikasleen askatasuna eta gai ezberdinen inguruan kexatu edota egoera ezberdinak salatzeko izan dezaketen ahalmena.

Antolaketa, eskolatik kanpo

Arantxa Urtaegik 60ko hamarkadako eskola garaiak ekarri ditu gogora. Mojen ikastetxean ikasi zuen, eta zuzenean zigor fisikoak jaso zituenik oroitzen ez badu ere, erlijio klaseak derrigorrezkoak izatea eta 8-9 urte zituenean “Formación del Espíritu Nacional” delako irakasgaia jasotzera behartu izana zigortzat hartzen ditu. «Ni euskaldun berria naiz ­azaldu du­, baina nire lehengusinek kolpe ugari jaso dituzte euskaraz hitz egiteagatik». Garai hartako ikastetxeetan ezer antolatzea «erabat ezinezkoa» zela baieztatu, eta Batxilergoan zegoela Burgosko epaiketaren aurkako manifestaziora joateko eskolatik ihes egin behar izan zuela oroitzen du.

«Lehen asanbladak unibertsitatera sartu nintzenean ezagutu nituen, 70eko hamarkadan. Ikasle erakunde batean nengoen eta klandestinitatean ibili behar izaten genuen, baina beste garai batzuk ziren», aipatu du. Garai hartako eta egungo egoera alderatu eta aldatu dena ikuspegi soziala dela ondorioztatu du Urkaegik: «Ikasle nintzenean nahikoa erraza zen kontra egitea, sozialki ere frankismoaren aurkako borroka zegoelako. Nolabait esatearren, ondo ikusia zegoen. Gaurko gizartea egoerara egokitu da, eta zenbait gauzetan borroka egitea zailagoa da. Unibertsitatea demokratikoa dela planteatzen digute, eta, orain, parte hartzeko bideak egon badaudenez, ulertzen da bide hori soilik erabili behar dela».

Kartelak izenpetzearen araua

Iker eta Eneko Lanbide Heziketako eta unibertsitateko ikasleak dira, hurrenez hurren. Lehenengoak bere ikastetxeko zein ezagutzen dituenetako kasuak aipatu ditu, eta gazteak gehien arduratzen dituen kontua eskoletan kartelak itsastearen ondorioak direla zehaztu du.

«Ikastetxe batzuetan debekatu egiten dute erakundeen izenean kartelak ipintzea. Horiek jartzeko era bakarra kartelari buelta eman eta aurrealdean jartzen duena atzealdean idaztea da. Hala ere, norberak sinatu behar du kartela, hau da, bere izena eta abizena jarri behar ditu, eta horrek dakartzan ondorioak kontuan hartu behar dira; azken batean, ‘fitxatu’ egiten zaituzte», azaldu du.

Beste ikastetxe batzuetan ezin dira kartelak jarri edota mugak daude; esate baterako, bosgarren egunean kendu egin behar dira. Arautegiak kartelak onartzen dituenen kasuan, gehienetan «jarri eta berehala» kentzen dituztela ziurtatu du Ikerrek.

Araudiak aldatzeko ezintasuna ikasleek eskola kontseiluetan duten parte hartze «eskasaren» ondorio dela nabarmendu du, eta, era berean, hamasei urte inguruko ikasleek araudiak interpretatzeko dituzten zailtasunak eta adin horretan gurasoekiko dagoen atxikitasunaren erabilpena egiten dela nabarmendu du.

«Falta arina jarriz gero, gurasoei deitzen diete, eta horrek presioa dakar. Zuzendaritzak hori erabiltzen du ikasleak mehatxatzeko. Eta hiru falta arinekin falta larria jartzen dizute, eta horrek kaleratzea suposatzen du», agertu du. Ikastetxe askotan batzartzeko eta antolatzeko eskubidea ere ukatzen dela azaldu du; hala, ikasle batzuei ikastetxeko zonalde batzuetara joatea debekatzen zaie, edota batzarrak eraikin barnean zein patioan egitea.

«Gure hitzak ez du balio»

«Ikusten dugu ez dela soilik hezkuntza ertaineko kasua; unibertsitatean ere gertatzen dira halako kasuak», gaineratu du egun EHUn ikasten duen Enekok. Leioan itxialdi bat egiteagatik 103 ikasle auziperatuak izan zirela ekarri du gogora, eta, agian kasu sonatuena den arren, bakarra ez dela eta unibertsitatean ikasleen eskubideekiko «urraketa larriak» izaten direla agertu du.

«Komunitate unibertsitarioko gehiengoa gara ikasleak, eta gure hitzak ez du ezertarako balio. Hala nahi gaituzte; isilik. Ezin badugu kartelik jarri ezin dugu eskolak euskalduntzearen alde egin. Eskubide demokratikoak borrokarako klabea dira, eta horregatik gaude zapalduta. Ezin badugu asanbladarik egin, nola egingo dugu gure eskubideen alde?», azaldu du.

Azken batean, hezkuntza ertaineko eta unibertsitateko ikasleek hautatzeko, eztabaidatzeko eta egungo sistema hobetzeko baliabideak eskatzen dituzte. «Eta, horretarako, eskubideak behar ditugu».

Euskalduntzen duten ereduen aldeko borroka

Eskoletan euskararen erabilerak gora egin badu ere, ikasleen testigantzak argi uzten du hizkuntza ereduak aldatzeko beharra. D ereduan ikasi duen ikasle batek azaldu du euskaraz adierazteko gai ez diren irakasleak izan dituela, «EGA titulua zutela esaten zuten arren». Magisteritzako ikasle batzuei gertatutakoa adierazgarria da: Bilboko ezkerraldean ikasi zuten, D ereduan. Eskoriatzan magisteritza euskaraz ikasten ari dira, baina ez dira hizkuntza horretan aritzeko gai. Ikasturtea gaindituko ez duten beldurrez ­eta irakasleen gomendioz­, euskaltegian hasi dira. Beraz, egungo D ereduak euskalduntzen duela ere zalantzan jartzen dute ikasleek. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Dos muertos y un clamor de solución
Ekonomia
La represión policial volvió a Gasteiz otro 3 de marzo
Mundua
Rusia ofrece su ayuda a Hamas durante una reunión oficial en Moscú que EEUU ve «útil»
Euskal Herria
La Ertzaintza reprime actos por las víctimas de la dispersión y del 3-M
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea