Gipuzkoako Aldundia Araxes ibaian izandako isuria ikertzen ari da
TOLOSA. Iragan asteartean Tolosatik igarotzen den Araxes ibaian izandako isuriaren jatorria ikertzen ari da Gipuzkoako Aldundiko Landa Ingurumen Garapenerako Departamentua. Arrain ugariren heriotza eragin zuen horrek, gehienbat, barboak, baita zenbait amuarrain ere. Uraren laginak hartu dira aztertzeko. Haatik, Departamentuko tekniko Iñaki Bañaresek dioenez, ez da erraza izango isuriaren arduraduna topatzea. Izan ere, zonaldean bi paper-fabrika eta tailerrak daude, eta haiek diote asteartean jai izan zutela, inauteriak zirela-eta.
Nazioarteko Espazio Estazioaren zaborra duen ontzia urperatu da
MOSKU. Progress M-54 espazio-ontzia, Nazioarteko Espazio Estazioaren zaborrez beteta dagoena, Ozeano Pazifikoan urperatu da, Errusiako Espazio Hegaldien Kontrol-zentroak aditzera eman zuenez. Zama-ontzia 10.06 aldera banandu zen Nazioarteko Espazio Estaziotik, eta lau ordu geroago, Zeelanda Berriko ekialdetik 5.700 kilometrora jauzi ziren erabat kiskalita zeuden puskak. Azken 40 urteetan, ehun espazio-ontzi baino gehiago urperatu ditu Errusiak.
Gaztetxe Martxaren aurkezpenak hasi dira herri eta auzoetan
DEBA. Datorren apirilaren 21etik maiatzaren 7ra bitartean gauzatuko den Gaztetxe Martxari buruzko informazioa banatzen ari dira jada herri eta auzoetan. Deban, adibidez, apirilaren 28ko eguerdian pasatuko da, eta bertako gazte asanbladak aste kulturala antolatzeko asmoa du. Hori dela-eta, herriko talde, gazte eta norbanakoei antolakuntzan parte-hartzeko deia egin diete. Herriko Gazte Asanbladak eta gaztetxeek antolatutako ekimen honekin, gazteen gune aske, autogestionatu eta balore eraldatzaileen aldeko apustua egin nahi dute.
Etxebizitzari buruzko kanpaina jarri du abian Aralarrek
GASTEIZ. Lurzoruaren eta etxebizitzaren gaia herriz herri jorratzen duen kanpainari ekin dio asteburu honetan Aralarrek. Lau aldarri nagusitan oinarritu dira gauzatzerako orduan: beharrei egokitutako etxebizitza babestuak hedatzeko politiken garapena, alokairu sozialaren sustapena, luxuzko eta familia bakarreko etxebizitzarik ez eraikitzeko eskaera eta etxebizitza hutsak okupatzeko ekimenen garapena. Udalerri bakoitzaren beharrei erantzuten dieten kartelak erabili eta proposamenak aurkezten ahaleginduko da taldea.
Egokitzapenak Telebista Digital Lokalaren hiru barrutitan
BILBO. Lakuako Gobernuaren Kultura Sailak eskatuta, eta Telebista Digital Lokalaren dekretu zirriborroari audientzia tramitean egindako eskaerei erantzunez, telebista lokalaren hiru barrutitan egokitzapenak egingo dira. Zehazki, Bilbo, Ibar eskuinaldea eta Mungialdeko barrutiak moldatu dira. Uda baino lehen onartuko du Lakuako Gobernuak dekretua. Garapen aldera, 15 barruti aurreikusten ditu, eskualdeen antz handia dutenak, nahiz batzuetan eskualdeen elkartzea behar izan duen.
|