BILBO
Euskal Herriko Bilgune Feministak Martxoaren 8aren gaineko irakurketa egin zuen atzo Bilbon. Izazkun Guarrotxenak eta Miren Arangurenek egun horretarako prestatutako ekimenak aurkeztu zituzten. Horrez gain, «parekidetasunean oinarritutako Euskal Herria» sortzea gizartearen helburua izan behar dela aldarrikatu zuten. Bilgune Feministako kideek azken hamarkadetan Euskal Herriko emakumeen bizi baldintzak hobetu direla onartu zuten; halere, emakumea ez dagoela «instituzioetan esaten duten bezain egoera onean» gaineratu zuten. Izan ere, «erailketak, bortxatzeak edo emakumeek jaietan izan beharreko parte-hartzeak sortzen duen polemikak» parekidetasuna oso urrun dagoela adierazi besterik ez dutela egiten salatu zuten.
Era berean, emakumeek lan berbera egiteagatik gutxiago kobratzen jarraitzen dutela esan zuten, Miren Arangurenen ustez, «sexuaren araberako lan banaketak bizirik jarraitzen du». Horrez gain, pertsonen beharrei eta ongizateari erantzuteko ardura emakumeari sistematikoki egoztea kritikatu zuten, «gogora ezinezko garaietatik emakumeak irmoki bete duen ezinbesteko papera bete beharrik ez izateko» eta duen balio soziala onartzeko ordua dela aldarrikatu zuten.
Euskal Herriko Emakumeen eskubideen Gutunari buruz ere mintzatu ziren. Dokumentuarekin, sistema patriarkalak eragindako arazoen aurrean Euskal Herrian bizi diren emakumeek beren alternatiba propioak eraikitzea nahi da. Horrez gain, gutunazalarekin «jendartea errotik eraldatzeko hautua» egingo dute.
Beren helburuen artean, Martxoaren 8tik abiatuta, urte osoan zehar zabalduko duten eztabaida prozesuan emakumeen eskubide eta aldarrikapenen zerrendaketa zehatza egitea nahi dute.
Halaber, egungo egoera politikoari buruz hitz egin zuten. «Parte hartze politikoari eta sozialari dagokion eremua guztiz aldenduta utzi dute gure espektibetatik», adierazi zuten. Bilguneak kritikatu zuen emakumezkoen kopurua Euskal Herriko biztanleriaren erdia izan arren, ordezkaritza politikoan gutxiengoa direla.
Hori dela-eta, Euskal Herriko gatazka politikoaren konponbiderako sortzen diren guneetan «emakumeen parte-hartzea bermatu» behar dela aldarrikatu zuten. Horregatik guztiagatik, emakumeek euren eskubideen alde egiteko deia zabaldu zuten.