«Kolore biziko kontzertuak» antolatu ditu Hernanin Sagarrondotik elkarteak
Azken unean eta inork espero ez zuenean Living Colour-ek eta O’Funk’illok etorriko ez direla esan arren, Sagarrondotik elkartekoak azkar eta ongi mugitu dira, eta martxoaren 17 eta 18rako Hernanin antolatu dituzten kontzertuen programa ezin hobeto itxuratu ahal izan dute. 17an, Sorkun, Chambao, THC, Loquillo y los Trogloditas eta Pal Keli (O’Funk’illoko kideek osatua) arituko dira. 18an, berriz, Morodo, Berri Txarrak, Betagarri, Celtas Cortos eta Hamlet (Living Colours-en ordez).
HERNANI
Kolorea, behintzat, ez dute falta izango Sagardoaren Kultura Sustatzeko Elkarteak aurten laugarren aldiz antolatu dituen kontzertu erraldoiek. Izan ere, musika ulertzeko eta egiteko oso modu desberdinekin gozatu ahal izango da martxoaren 17an eta 18an Hernaniko Karabel auzoan paratuko duten karpa erraldoian.
Bestelako pizgarririk ere ez da falta izango. Loquillok, adibidez, disko berria argitaratu du, eta Hernanikoa aurkezpen itzuliko lehenengo kontzertua izango da. Celtas Cortosek, berriz, Jesus Cifuentes kantaria berreskuratu ondorengo lehenengoa egingo du. O’Funk’illo ezustean desagertu eta gero, taldeko kideek osatu duten Pal Keli ere sorpresa izango da.
Sagardoaren Kultura Sustatzeko Elkarteak, aurten ere, bi karpa jarriko ditu Landareko errugbi zelaiaren ondoan. Horietako bat 10.000 lagun eroso hartzeko modukoa izango da, eta bertan kontzertuak egingo dituzte. Bestea, berriz, sagardotegia balitz bezala atonduko dute, upelak eta guzti.
Salgai daude sarrerak. Aldez aurretik, 21 euroren truke eskura daitezke; bertan, aldiz, 24ren truke. Bi kontzertuetara joateko bonoa 36 euroren truke lortu ahal izango da.
Martxoaren 19an Urnietan jarraituko du festak. Giroa, alabaina, oso bestelakoa izango da. Izan ere, 10.00etatik aurrera herri kirolak, artisautza azoka eta beste izango dira.
|