23 urteko langile bat hil da Artean elektrokutatuta
Asteko bigarren lan heriotza gertatu zen asteazkenean, 23 urteko langile bat elektrokutatuta zendu baitzen Artea herrian. Hildakoaren lankidea, berriz, Gurutzetako ospitalera eraman zuten zaurituta. Sondikako «Electricidad Martin» enpresako bi langileen lan istripua dela-eta, lantegi horretako 190 langileek lan uztea egin zuten atzo.
BILBO
Langile bat hil zen asteazkenean N-240 errepideko Arteako bidegurutze ondoan, kaleargi bat konpontzen ari zela. 23 urteko gaztea, I.D.H., elektrokutatuta zendu zen. Harekin lanean zegoen 38 urteko lankidea, M.P.M., berriz, zaurituta eraman zuten Gurutzetako ospitalera. CCOOk azaldutakoaren arabera, oraindik ospitalean dago shock-ak jota.
Sindikatu horrek jakinarazi zuen zauritutako pertsonak hiru egun soilik zeramatzala lanean. Hortaz, enpresaren «axolagabekeriari» egotzi zion lan istripu hori, «esperientzia gutxiko langileei lan konkretu batzuk enkargatzeagatik».
Sondikako «Electricidad Martin» enpresako bi langile horiek izandako istripua dela-eta, lantegi horretako 190 langileek lan uztea egin zuten atzo. Asteazkeneko gertakaria salatzeko elkarretaratzea ere egin zuten enpresaren atarian, Berreteaga industria gunean.
Gaurko mobilizazioak deitu dituzte. Sondikako Izarza industria gunean elkarretaratzea egingo dute ELA, LAB, ESK eta STEE-EILAS sindikatuek, 12.00etan. Protestak Nafarroara ere iritsiko dira, langile bat hil baitzen Urrotzen astelehenean. Sindikatu horiek Iruñean bilduko dira 12.00etan, Nafarroako Gobernuko Herri Lanen Saileko egoitzaren aurrean. Tuteran, berriz, Foruen Plazan elkartuko dira ordu berean.
Bestalde, CCOOko Arabako Eraikuntza Federazioak martxoaren 3an Corro herrian izandako lan istripua salatu zuen. Bertan, Ekuadorko langile bat larri zauritu zen. Sindikatu horrek gertakari honen inguruan egon den «isiltasuna» kritikatu zuen, istripuaren berri Ekuadorko langileen bitartez izan zutelako, eta ez erakundeen bitartez.
|