SANTA CRUZ
Boliviako Aduana Nazionalak orain hiru aste salatu zuenez, guztira 160.211 upel atera ditu Repsol YPFren mendekoak ordaindu beharreko zergak ordaindu gabe eta zenbait dokumentu faltsututa.
Jorge Alvarado Boliviako petrolio hobien arduradunak iragarri zuen salaketa. Beharrezko agiriak eduki gabe atera omen zituen upelak Andina konpainiak: 126.617 Yacuibatik (Argentina) eta beste 33.594 Aricatik (Txile). Alvaradok egin zituen kalkuluen arabera, Repsolek ia zortzi milioi euro lortu zituen ezkutuko esportazio horiei esker.
Santa Cruz hiriko egoitza bortxatzeko agindu zuen atzo Zenon Rodriguez epaileak. Erabakiak guztiak harritu zituen, ordu batzuk lehenago Repsolek jakinarazi baitzuen, agiri baten bitartez, kontrabando salaketari buruzko ikerketa bertan behera utzi zuela epaileak.
Efe agentzia espainolak Boliviako iturri judizialei galdetu zien zer gertatu ote zen. «Rodriguez epaileak gaur goizean aldatu du iritzia, eta gaur deklaratzera etorri behar zuten goi karguak azaldu ez direnez, egoitzaren bortxatzea eta atxiloketak agindu ditu, epaitegira eramateko», esan zioten Eferi aipatu iturriek. Andina konpainiakoak oso haserre zeuden, baina poliziakideak eta fiskalak atxiloturik gabe alde egin behar izan zuten, ez baitzeuden barruan ez Gavito espainola ez Sanchez argentinarra.
CEOE patronal espainolak bi atxilotuak askatzeko eskatu zuen arratsaldean, atxiloketarik egin ez bazen ere. Miguel Angel Moratinos Atzerri ministroak Juan Francisco Montalban enbaxadoreari hots egin zion gertatutakoa lehenbailehen argi zezan.