emakumeen egunaren balantzea
Hiriburuetatik herrietara, berdintasunerako bidean
Emakumeen Nazioarteko Egunak izan duen jarraipena positibotzat jo dute elkarretaratze eta ekimenak antolatu zituzten erakunde eta sindikatuek. Hiriburuetako manifestazioek izandako parte-hartzea positibotzat jo zuten, halaber; baina, batez ere, herriz herri egiten dituzten elkarretaratzeen kopurua eta horietan biltzen den lagunen kopurua emendatu egin dela nabarmendu zuten. Martxoaren 8a iragan bada ere, mugimendu feministak argi asko du «emakumeen eguna egunero dela», eta eskubideen gutuna lantzen jarraituko dutela jakinarazi du.
BAIONA - DONOSTIA
Emakumeen Nazioarteko Egunean izandako elkarretaratze eta ekimenak apurka-apurka gero eta gizartearen sostengu sendoagoa jasotzen ari direla nabarmendu dute ekimenen antolatzaileek. Parte-hartzeak gora egin duela nabarmendu eta aurtengo emakumeen eguna «ezin positiboagoa» izan dela azaldu zuten.Bilgune Feministako kideak pozik azaldu ziren ekimenek Hego Euskal Herrian izan duten arrakastarekin; batez ere, greba partzial edo orokor baten atarian egitea egokitu delako. Bilguneko kide Maite Segurolak adierazi zuenez, elkarretaratzeetan parte hartu dutenen kopurua igo egin da aurten, eta, batez ere, herri txikietan elkarretaratze eta manifestazioak egiten hastea goraipatu zuen: «Hala ere, betikoa esan behar dugu: Martxoaren 8a iragan da, baina egunero izaten jarraituko du. Urte osoan mugimendu feminista lanpetuta egongo da eskubideen gutuna prestatzen, eta prozesu honetan parte hartzeko deia egiten diogu gizarte guztiari». LAB sindikatuaren balantzea ere ildo beretik doa. Sindikatuak mobilizazioak antolatu zituen eskualde guztietan emakume langilearen prekarietatea eta diskriminazioa salatzeko, eta goiz-partean beste sindikatuekin hiriburuetan egindako mobilizazioak martxa oso onean joan zirela nabarmendu zuen. Iruñeko mobilizazioa eta Donostian Evohe enpresaren aurrean egindakoa nabarmendu zituen, eta Bilbon ere mobilizazioek jarraipen ona izan zutela gaineratu zuen. Antolatzaileek helarazitako datuen arabera, 4.000 pertsona inguru bildu ziren Bilbon eta Iruñean, eta 1.500 lagunetik gora izan ziren Donostian eta Gasteizen. Herriz herriko elkarretaratzeei dagokienez, aipa- tzekoa da Durango eta Algortakoetan 200 pertsonak hartu zutela parte, eta 100ndik gora izan zirela Lizarran, Altsasun, Tafallan eta Zornotzan. Antolatzaileek Tolosako (65), Barañaingo (80), Atarrabiako (60), Zizurko (30), Igorreko (30) eta Azpeitiko (60) manifestazioek izandako sostengua nabarmendu zuten. Beste alde batetik, Donostiako Gros auzoko Aldi Baterako Laneko Enpresa (ABLE) baten egoitzari pintura morea jaurti zioten. «Bereziki, emakume eta gazte garenok jasaten dugun prekarietatea eta lan-baldintza eskasak salatzeko», jakinarazi zuten.
Bortizkeria salatu zuten Baionan
Ehun bat lagun elkartu ziren asteazken arratsean emakumeen kolektiboek, hots Emakumeen bortizkerien aurkako kolektiboa, Bilgune Feminista, LAB, Kolectif des femmes en Pays Basque eta Emazteek Diote taldeek, Baionako herriko etxearen aitzinean deituriko ekitaldian. Emakumeen egoera ezagutaraztea helburu duen egun horren karietara, 2004. urteaz geroztik, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan emakumeen aurka izandako bortizkeria salatu zuten bereziki han bildutakoek. Izan ere, aurten izandako bortxaketa gehienen berri eman zuten, eta arlo horretan oso urte txarra izan zela nabarmendu. Horren ondoren, Baionako Thiers karrika berriz ere izendatu, eta aurreko urtean mota bereko ekimen bat egin zuten. Aurten, karrikari FARC mugimenduak Kolonbian bahitua duen Ingrid Betancourt emakumezkoaren izena jarri diote. Ospakizunak asteazken horretan burutu baziren ere, biharko, larunbaterako, emakumeen elkarte guztiek foro berezia antolatu dute Baionako Polo Beyris auzoan. Elkarteek adierazi zutenaren arabera, emazteen gaian lanean ari diren egiturak gonbidatu dituzte bertan parte hartzeko. Arratsaldeko lauretan hasiko dira, eta egitura eta elkarte bakoitzak bere lan ildoa ezagutaraziko du.
EHNEk ontzat jo ditu laborantza munduan ematen ari diren pausoak
EHNE nekazaritza sindikatuak positibotzat jo ditu emakume laborarien berdintasuna lortzeko ematen ari diren pausoak. Sindikatuko emakumezko nafarrek osatzen duten EBEL-Nafarroa elkarteko kideek ontzat jo dute, gainera, nekazaritza-ustiapenen kotitularitatea onartu izana, baina, aldi berean, emakume abeltzain eta laborariei «diskriminazio larriak» egiten dizkietela nabarmendu du. Nafarroako Emakumearen Institutuak egindako I. Berdintasun Plana ere ontzat jotzen du sindikatuak, baina elkarte horrek salatu du ez dutela aurrez ikusten aurrekontu zehatz bat plana martxan jarri ahal izateko, eta, beraz, Nafarroako Aurrekontu Orokorren baitan garatu beharko dela. -
|