- Sokatira
560 eta 480 kiloko saioak Oiartzunen
DONOSTIA
Euskal Herriko Sokatira Txapelketa ari da amaierara iristen, eta asteburu honetan 560 eta 480 kiloko jardunaldiak izango dira. Saio horiek etzi jokatuko dira Oiartzunen, 11.00etan hasita.
560 kilotan, estreinako jardunaldia izango da, eta guztira hiru saio izango dituzte. Horien ostean punturik gehien pilatu duen taldeak eramango du garaipena. Nesketan, 480 kilokoan, alegia, bigarren jardunaldia jokatuko da, eta hor ere hiru jardunalditako ligaska izango da. Hor, punturik gehien batzen duen taldeak eramango du txapela.
Mutiletan, 560 kilotan, honako talde hauek hartuko dute parte: Abadiño A, Abadiño B, Altamira, Gatika A, Gatika B eta Berriozar. Dudarik gabe, Abadiño eta Gatikaren arteko dema izango da. Hemen ez dago gordetzerik. Aurreko pisuetan helburua finalera iristea zen, eta ligaskan zerbait gorde zitekeen, baina oraingoan ez dago horrelakorik egiterik, bestela txapela galtzeko arriskua baitago. Gatika itxaropentsu agertu da, ustez talde ona omen dute, eta pisu honetan Abadiño menderatzeko itxaropena ere badute. Hala ere, berdeak dira faborito. Jadanik bi txapel badituzte, baina horrekin ez dira konformatzen.
480 kilotan, honako talde hauek izango dira: Gaztedi A eta B, Badaiotz eta Girizia. Dema hori Gaztedi eta Badaiotzen artean izango da. Arabarrak dira faborito, baina estreinako jardunaldian ezusteko galanta eman zuten Badaiotz mendean hartuta, eta bigarrengoan ere gauza bera egin nahi dute. Arabarrak, berriz, behartuta daude garaipena lortzera, bestela txapelak ihes egiteko arrisku bizia izango lukete. Gainerantzean, Girizia ere saiatuko da azkeneko postutik ihes egiten. Etxean arituko dira, eta zaleen babesa ere izango dute. Horrekin, tiraldiren bat bereganatu nahiko dute, nahiz eta ez duten lan samurra izango, bai bizkaitarrak baita arabarrak ere indartsu baitaude. Pisatzea 8.00etatik 9.30era egingo da. Ekinaldiak Elorsoso kiroldegian izango dira.
|