- Urrezko Aizkora
Patxi Mindegia berriro ere aizkoran ikusteko parada izango da Ataunen
·Lau kanporaketa jokatuko dira bihar gauean 23.00etatik aurrera
DONOSTIA
Bakarkako Urrezko Aizkorak lau kanporaketa izango ditu bihar gauean Ataunen, 23.00etan hasita, San Gregorioko pilotalekuan. Saioa, gainera, oso interesgarria iragartzen da.Alde batetik, Otaño eta Lasa izango dira lanean ariko direnetako bi aizkolari. Bi horiek Olasagastiren aurka apustua dute apirilaren 9an Tolosan, eta zaleak beren egoera nolakoa den ikusteko irrikaz daude. Bestetik, Patxi Mindegia, Mielen semea, berriro agertuko da plazan, zortzi urte aizkora utzita egon ostean. Hiru arrazoi horiek zale asko eramango dute Ataungo San Gregorioko pilotalekura, eta harmailak, seguruenik ere, lepo egongo dira. Otaño eta Mugertza II.aren arteko demarekin hasiko da ekinaldia. Mutrikuarra gazteen mailan ere arituko da, baina helduekin aritzeko parada ere ukango du. Neurketa zaila izango du, Otaño apustua prestatzen ari baita, eta gauzak normal joanda Ibarrakoak irabazi beharko bailuke. Hala ere, lana laburra da, eta Mugartza edozein deskuidu aprobetxatzeko prest agertuko da. Hurrengo kanporaketa Lasa eta Lopezen artekoa izango da. Normalean Lopezek atera behar luke faborito, baina Lasa apustua prestatzen ari da, eta horrek oso ondo egon beharko lukeela esan nahi du. Kanporaketa hori oso estua iragartzen da. Horien ostean, Erdozia eta Kañamaresen arteko dema izango da. Bi nafarren arteko norgehiagoka horretan Erdozia aterako da faborito. Binakako Urrezko Aizkoran bere mailan aritu da, eta ongi prestatuta dagoenez, Kañamares mendean hartu behar luke. Azkeneko saioa Patxi Mindegia eta Amillanoren artekoa izango da. Mindegia zortzi urtez egon da aizkora utzita. Oso gaztea zela iritsi zen Lehen Mailara, baina gero, lana zela medio, aizkora uzteko erabakia hartu zuen. Oraindik 32 urte ditu, eta badu kirol honetan gauzak egiteko astia. Horrenbeste urtez aizkora utzita egon ostean itzultzeko erabakia hartu baldin badu, zerbaitegatik izango da. Amillano gaztea izango du aurrez aurre. Mindegiaren maila nolakoa den ikusgai baldin badago ere, bera aterako da faborito. Lau kanporaketa horietako lana berdina izango da. Aizkolari bakoitzak hiru proba izango ditu, eta denak amaitzen denborarik gutxien pasatzen duenak eramango du garaipena. Hasteko, 45 ontzakoa zutik moztu beharko dute. Gero, 45 ontzakoa etzanda jarri, eta erlojuz kontra arituko dira. Azkenik, 45 ontzakoa eta 60 ontzakoa moztu beharko dituzte.
Omenaldia
Ataunen ez da Urrezko Aizkora bakarrik izango, bertako hiru herri kirolarik, Repok, Aierbek eta Zeberiok, omenaldia jasoko baitute. Hainbat ekinaldi izan dira astean zehar, eta igande eguerdian omenaldia jasoko dute; arratsaldean herri kirol jaialdi handia izango da.
|