- Izotz Hockeya (Elite Liga)
Hormadik bi partida irabazi beharra dauka
ANGELU
Hormadi Angelukoak gaur galtzen badu, akabo denboraldia. Ligako final-zortzirenak jokatzen ari da, eta lehen partida etxean 3-6 galdu zuen Angersen kontra. Gaur gauza bera gertatuko balitz, akabo angeluarren ametsa. Irabaziko balute, etzi jokatuko lukete berriro ere hirugarren eta azkeneko partida; hori ere Angersen izango da. Gaurko norgehiagoka 20.30ean hasiko dira jokatzen.
Astearte gauean Hormadik aukera ederra galdu zuen lehen garaipena eskuratzeko. Ongi hasi zen, baina bigarren zatian egindako hutsak garesti ordaindu zituen. Lehen zati ona egin zuen, eta La Barreko harmailetan batu ziren 900 ikusle inguruk itxaropena ere bazuten. Hori baieztatzeko, gainera, Xabier Daramik gorri-berdeen lehen gola egin zuen, eta lapurtarrak 1-0 aurretik jarri zituen.
Bigarren zatia, ordea, oso txarra egin zuten euskaldunek. Huts dezente egin zituzten, eta kanpotarrek aukera hori alferrik galtzen ez zuten utzi, hiru gol egin baitzituzten. Markagailuan 1-3koa jarri zuten. Gauzak oso zail ipini ziren, baina beste hogei minutu geratzen ziren, eta itxaropena ez zen erabat zapuztu.
Hirugarren zatia hasi eta berehala, Angersek laugarren gola egin zuen, eta horrek gauzak erabat okertu zituen. Hala eta guztiz ere, Markhovskik eta Garboczek lortutako golei esker, berriro ere ilusioa berpiztu zen 3-4 jarri baitziren markagailuan. Hormadi ongi ari zen jokatzen, baina kontraeraso batean, Angersek bosgarren gola egin zuen, eta gauzak berriro ere lehengora itzuli ziren. Seigarren golarekin, itxaropen guztiak zapuztu ziren, eta azkenean, garaipenak ihes egin zuen Angelutik.
Angers talde handia da; partida zaila izango du Hormadik, baina garaipena ez da ezinezkoa. Hala ere, orain bi partida irabazi beharra dauzka Hormadik, eta biak, gainera, etxetik kanpo. Ez dirudi lan erraza izango denik.
|