IRUÑEA
ETAketa Estatu espainolak izan beharreko elkarrizketa prozesua eta Euskal Herriko alderdien artean egin beharrekoa ez nahasteko deia egin zuen berriro atzo Iruñean EAJko presidente Josu Jon Imazek.
Zentzu horretan, Imazek gaineratu zuen ETAk ezin duela «prozesua zaindu», eta, horretarako, alderdien elkarrizketa prozesua eta erakunde armatuak Gobernu espainolarekin egin beharrekoa banandu egin behar direla nabarmendu zuen; «baita egiten diren garaiei dagokionean ere».
«Bakea ezin da proiektu politiko bati lotuta egon», nabarmendu zuen Imazek.
Horrekin batera, EAJko buruak zera esan zuen: «Une hauetan ETAren su-etena egiaztatu beharra dago, eta hori alderdien arteko akordio baten bidez egin behar da, hortik aurrera Diputatuen Kongresuaren adierazpenak esaten duena martxan jartzeko».
Gauzak horrela, EAJren ustez bake prozesua martxan jartzea eta babestea «helbururik nagusiena» dela gaineratu zuen Imazek. Horretarako, duela sei hilabete EAJk aurkeztu zuen “Elkarbizitzarako bakebidea” dokumentua oinarri izango dutela esan zuen Imazek, azken gertakariek «gaurkotasuna» ematen dielako testu horri.
Bakegintza «herritarren garaipena» izan behar dela gaineratu zuen Imazek, eta horretarako «alderdikerietatik kanpo» lan egin behar dela esan zuen.
Napar Buru Batzarreko presidente Jose Angel Agirrebengoak, berriz, Nafarroarako alderdien mahai propio bat antolatu behar dela aldarrikatu zuen, «herrialde honek dituen berezitasunak direla-eta».
Mahai horretako kideek Nafarroaren estatusari eta beste herrialdeekin izan beharreko harremanei buruz erabaki beharko lukete, ondoren Nafarroako gizarteari hitza emateko.
Prozesu hau «modu demokratikoan eta inolakomehatxurik gabe» egin beharko dela esan zuen Agirrebengoak, eta UPNk eta CDNk Nafarroaren etorkizunaz eztabaidatzea ez dutela onartzen salatu zuen.