Muxikako Inama lantegiko errautsak herri osoa zuritu du
Muxikan dagoen eta aglomeratuak egiten dituen Inama lantegiak ihesa izan zuen igandetik astelehenerako gauean, eta bertatik atera zen errautsak herri osoa zuriz estali zuen, baita urrunen dauden auzoak ere. Lantegi horrek hainbat arazo sortzen dizkie herritarrei, bai fisikoki, bai psikologikoki, eta hainbat salaketa jarriak dituzte jada.
MUXIKA
Astelehen goizean jaiki eta kalera begiratzean, sorpresa galanta hartu zuten Muxikako bizilagunek, haizearen laguntzaz baliatuz, «dena errautsez betea» baitzegoen, SOS Muxika taldeko kide Itziarrek adierazi digunez. Muxikan dagoen Inama enpresak, zeinak aglomeratuak egiten dituen, eskapea izan zuen aurreko gauean, eta horrek eragin zuen goizeko egoera bitxia. Elkarteko bi kidek salaketa jarri zuten, eta udaletxera nahiz patronatura ere pasa zuten abisua. Azken horretako zuzendaria, aparejadorea, tekniko bat eta Ur Partzuergoko beste tekniko bat ere bertaratu ziren egoera beren begiez ikusteko. «Lantegi ondoko bide guztiak alfonbra batekin bezala tapatuta zeuden, ez zen asfaltoa ikusten», adierazi zigun. 400-500 metrora dauden auzoetan ere nabaria zen errautsa, eta, horren aurrean, patronatuko zuzendariak, Xabier Aranak, Lakuako Ingurumen eta Osasun Sailak ere jakinaren gainean jarriko dituela adierazi zuen. Lehenago ere arazo franko egon direla aipatu digute SOS Muxikakoek, «eskape txikiak jarraiak» direla, baina bereziki gogoan dituzte 2004ko iraileko ke eskapea eta 2005eko otsailaren 24ko leherketak.
Lantegi «klandestinoa»
Inama 1964an sortu zen, Galiziako multinazional baten eskutik, eta irekiera eta jarduera lizentziarik gabe, era «guztiz klandestinoan». Aglomeratuak egiteaz gain, melaminatu planta bat eta kongeneraziozko beste bat ere baditu lantegiak, SOS Muxikak baieztatu duenez, «oso kutsakorra, dardarak ere sortzen dituena». Sufre dioxidoa botatzen du lantegi horrek, legeak baimentzen duena baino bost aldiz gehiago, eta Estatu espainoleko 119 enpresa kutsakorrenen artean dagoela ere adierazi zigun Itziarrek. Lantegitik irteten den kea da arazo gehien eragiten dituena, muxikar asko baitago gaixo: insomnioak jota, takikardiekin, arnas hartzeko arazoekin, estresarekin... Elkarteko kideak adierazi zuenez, herritarren afekzioak Inamako jarioekin lotzen dituzten txostenak ere badituzte. Horiek oinarritzat hartuz, hainbat salaketa jarri dituzte herritarrek. Lantegia, muxikarrek dioten bezala, legez kanpokoa izateaz gain, bere hedadura bikoizteko asmotan dabil, baina horretarako arau subsidiarioak aldatu beharra dauka, Urdaibaiko biosferan egonda, «bereziki babesturiko eremua» baita.
|