Hartzaren aferan Berdeek Paueko Laborantza Ganbarari erantzun diote
·Hartza sartzearen kontrako jokabidea salatu dute ekologistek ingurumenaren kontrakoa izateagatik
BAIONA
Joan den astean Paueko Laborantza Ganbarak apirileko batzarrean hartza sartzearen kontra bozkatu ondoren Euskal Herriko eta Biarnoko Berdeek erabaki hori salatu dute. Hartza artzainentzat kaltegarria dela esaten duten erakunde eta elkarteei naturaren zaintza, hartzen sartzea barne, epe luzera ingurumena eta ardiak egoten diren mendien onerako izango dela adierazi nahi izan die talde ekologistak. Gizakiaren esku-hartzeak mendietako larreak idortzea eta artaldeak gailurretatik gero eta lehenago jaitsi behar izatea ekarriko lukeela nabarmendu dute Berdeek, eta horrek artzaintzan ondorio latzak ekarriko lituzkeela.
Bestalde, gizakien eraginak mendietan sortzen dituen kalteen aipamena oso txikia izatea ere salatu dute Berdeek. Agerian jarri dute basoen etengabeko ustiapena, eskiatzeko eremuak sortzeko ingurumena errespeturik gabe eraldatzea eta kamioientzako nazioarteko bideen eraikuntza gure lurretan ez aipatzea.
Esloveniatik ekarriko dituzten bost hartzen sartzea artzaintzaren kontrakoa dela diotenei datuetan oinarritutako erantzuna eman diete ekologistek. Euskal Herrian eta Biarnon diren 804.300 abere buruetatik gehienez 189 izan ziren hartzek hilak joan den urtean, hau da, %0,02 besterik ez.
|