BBK-k haur eskolen aurka egingo duen «likidazio geldiezina» salatu du LABek
BILBO
BBK aurrezki kutxak bere obra sozialari dagokionez hemendik aurrera jarraituko duen jokamoldea eman zuen ezagutzera azken asanbladan. Horren arabera, entitateak gizarte helburuetarako zuzenduko duen diru kantitatea, orain arte egiten zen moduan esleitu beharrean hau da, enpresaren irabazien ehuneko jakin bat bideratuta, hemendik aurrera kopuru bat ezarriko dute, eta berau Kontsumo Prezioaren Indizearen arabera igoz joango da urtero.
Neurri berriaren eta horren inguruko erabakien gaineko azterketa egin ostean, baina, LAB sindikatuak gaitzetsi egin du jokaera hori. Sindikatuak ohar baten bidez salatu duenez, aurrezki kutxako zuzendaritza taldeak egin duena «BBK ito dezaketen konpromisoak alde batera uztea» izan da. Era horretan, obra sozialaren gainean orain arte egiten zuen politika «protekzionista» baztertu, eta, horren lekuan, «komeni dena egingo da» arauak zuzendutako politika hautatu dutela gaineratu du sindikatu abertzaleak.
Horren adibide modura, berriki ezagutu duten BBKren menpeko haur eskolen kasua eman dute jakitera. Izan ere, Bermeoko haur eskolan zeuden lau ikasgeletatik hiru desagertu egingo direla baieztatu dute, baina egoera beste herri askotan ere antzemango da, ziurtatu baitute Etxebarrin zeuden hiruetatik bat bertan behera geratuko dela, bai eta Ibarrekolandan zeuden bederatzietatik bi, Leioan zeuden hiruetatik bat eta Otxarkoagan zeuden bostetatik bat ere. Sindikatuaren esanetan, ordea, bezeroei begira datuak manipulatu eta ezkutatzea da egiten duten okerrena.
|