Oiartzungo Udalak herritarrak alboratu izana kritikatu dute
·Prozesu parte-hartzaile eta demokratikoa bidera dezala exijitu du herri plataformak
Oiartzungo Arau Subsidiarioen aurka herritar eta eragileek aurkeztutako 85 alegazioak Udalak «baztertu» egin dituela kritikatu du Abertzaleon Oihartzunak. «Apartheid» egoeraz baliatuz herritarren parte-hartzea ukatu eta Arauak «beren interesei begira» onartu nahi dituela salatu zuen.
OIARTZUN
Abertzaleon Oihartzuna herri plataformak Arau Subsidiarioak direla-eta Udala izaten ari den jarrera salatu zuen. Hirigintzarako Ordezko Arauen berrikuntza prozesuari oiartzuarrek aurkeztutako alegazio eta iradokizun guztiak baztertu egin dituztela kritikatu zuen plataformak. Era berean, Udalaren erantzuna minorian onartu dela gaitzetsi zuten.Udalak martxoaren 30eko plenoan aztertu zituen aurkeztutako 85 alegazio eta iradokizunak, eta, plataformaren hitzetan, horiek «zalantza bizian» jartzen dute Udalaren egitasmoa. «Hauen edukiak onartzeak Udalak egindako proposamena modu oso susmagarrian zenbait promotore eta partikularren interesak defendatzen dituena pikutara bidaliko luke, eta beste bat egiteko beharra ekarri», ziurtatu zuen. Abertzaleon Oihartzunak gogor gaitzetsi zuen herritarren iritzia aintzat ez hartzeaz gain prozesuarekin aurrera jarraitzea erabaki duela Udalak. Gaineratu zutenez, erabakia minorian onartu zen, EAren aldeko bozkarekin (Udal hauteskundeetan botoen %25 lortu zuen). Plataformak azaldu zuenez, EAJk aurka bozkatu zuen eta EBk txuri.
Herritarren beharretara
«Prest daude Oiartzungo herria desitxuratu, desorekatu, saldu, orain arte izan duen herri identitatea desegin eta, bide batez, hondatzeko», azaldu zuen. Zentzu horretan,Udalak herritarren eta eragileen parte-hartzea oztopatu izana gaitzetsi zuen, eta Abertzaleon Oihartzuna herri plataformak Udal hauteskundeetan bozen %43 lortu arren ezin izan duela prozesuan modu naturalean parte hartu kritikatu zuen: «Prozeduratik baztertu gaituzte, eta gure parte-hartzea prozesura administratibora bideratu dute».Hartara, herri plataformak herritarren beharretara «behar den moduan» egokituko den prozedura parte-hartzaile eta demokratikoa martxan jar dezala exijitu zion Oiartzungo Udalari.
|