-Liga Federala
Donibane Lohizunek hirugarren fasea jokatzeko urrats handia egin du
·Gorri-berdeek 26 eta 15 hartu zuten mendean Lurdako taldea Pabilioi Urdinean
DONOSTIA
Donibane Lohizunek urrats handia egin zuen Liga Federaleko Lehen Mailako hirugarren fasea jokatzeko. Multzoko estreinako bi sailkatuko dira Pro 2rako kanporaketetarako, eta Lurdari irabaztea ezinbestekoa zuten lapurtarrek. 26 eta 15 hartu zuten mendean Lurda.
Partidako protagonista nagusia Haisagerre izan zen. Hark egin zituen euskaldunen puntu guztiak. Bigarren minutuan entsegua egin zuen. Gero, ez zuen transformazioarekin asmatu, baina zazpi zigor-kolpe gauzatu zituen, eta taldearen garaipena segurtatu zuen.
Orain, Perigueux izango du etxean, eta hori irabazten badu txartela eskuetan izan dezake, Lurdak galtzen badu. Bestela, azkeneko jardunaldira bitarte itxaron beharko du.
Honako hauek jokatu zuten Donibane Lohizunen: Haisagerre, Oliva, Labroche, Lecorff, Otondo, Ibarburu, Balhadere, Fagoaga, Miura, Pardon, Lafont, Saint Jean, Iribarne, Macia eta Sallato.
Bigarren Mailan, Maulek bakarrik lortu du garaipena, eta Lehen Mailarako igoera fasea jokatzeko txartela segurtatu du. Seigarren multzoan, hiru taldeek galdu egin zuten. Nafarroak, 28 eta 14 galdu zuen Ortesen, Bokalek 23 eta Salen, eta Angeluk 8 eta 18 Soustonsekin. Sailkapenean, Bokale eta Nafarroa bigarren eta hirugarren daude 44na punturekin. Angelu, berriz, ia-ia maila galduan dago, eta azken bigarren daude 29 punturekin.
Zazpigarren multzoan Maule berriro ere bakar-bakarrik jarri da sailkapeneko lehen postuan 48 punturekin. Herenegun 33-19 menperatu zituzten Isle-Jourdanekoak. Zigorrei esker lortu zuten lehen entsegua, eta gero Azigarrek, Giressek eta Parisek egin zituzten beste entseguak. Landarrabilkok transformazio bat eta hiru zigor-kolpe gauzatu zituen.
Hirugarren Mailako emaitzak honako hauek izan dira: Hendaia 28 / Gradignon 14; Donapaleu 20 / Morceniox 5; Larresoro 17 / Pont Long 3 eta Bardoze 11 / Senpoere 15.
Marluren lesioa
Marluk, Biarritz taldeko jokalariak, agur esan dio aurtengo denboraldiari. Orain dela urtebete hartu zuen min orpoan, eta ostiralean berriro ere lehen taldearekin jokatu behar zuenean min hartu du. Herenegun bigarren taldearekin aritu zen, sasoian jartzeko, eta maleoloa apurtu du. Akabo harentzat denboraldia. Ebakuntza egingo diote, eta datorren urtean jokatzearekin konformatu beharko du.
Biarritzen gertatzen den lehen kasua ez da, Gaitan ere egoera beretsuan baitago. Hilabete asko min hartuta egon ostean, berriro itzuli, eta hirugarren partidan min hartu zuen argentinarrak. Ea zortea duten.
|