GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-04-14
Groucho Marxi euskaraz irakatsi dio Meettok-ek
·Haren «autobiografia» plazaratu du Donostiako argitaletxe berriak

Meettok argitaletxea euskal liburugintzaren plazara atera berri da, liburu berezi batekin atera ere. Liburu hori «Groucho eta ni» da, hots, Groucho Marxek idatzitako autobiografia-edo. Izan ere, egileak berak zalantzan jartzen du autobiografia dela, eta hitzaurrea paratu duen Harkaitz Canok, berriz, autobiografia izatekotan, pertsonarena baino gehiago, pertsonaiarena dela ohartarazi du. Nolanahi ere, bertan gaurkotasun handiko gogoetak egiten ditu Grouchok, bere umore berezia beti lagun.

DONOSTIA

«Obra hau autobiografia moduan hasi nuen, baina liburua oso aurreratuta edukitzerako ohartu nintzen ez zela era horretakoa izango. Ia ezinezkoa da autobiografia egiati bat idaztea. Proustek, Gidek eta beste gutxi batzuk lortuko zuten, baina autobiografia gehienak egilea irakurleei ezkutatzen saiatzen dira, ondo saiatu ere. Ia kasu guztietan, jendeak erosten duena liburu diskretu bat da, gertaerak maltzurkeriaz ezkutatzen dituena, eta dibagazioz eta anbiguotasunez betea. Hortaz, Grouchoren itzal hutsa aurkituko duzu hemen. Hobe zenuke hiztegia irakurri edo fruitu arbolak kimatuko bazenitu». Horixe dio Julius Henry Marxek (New York, 1890-Hollywood, 1977) “Groucho and me”n.

Liburua 1959an argitaratu zuen, eta geroztik ia berrogeita hamar urte pasatu diren arren, «harrigarria da darion freskura eta egileak bertan egiten dituen gogoetek duten gaurkotasuna». Hori da Harkaitz Canok paratu duen hitzaurrean nabarmentzen duena. Artean nerabe zela irakurri omen zuen idazle lasartearrak, eta irakurketa hark oso oroitzapen ona utzi zion. Orain berriz irakurri eta pozik ikusi du liburuak denboraren froga aise gainditu duela.

Canoren iritziz, egia da liburuak beharbada «benetako» autobiografiatik gutxi duela, baina, trukean, «Ipar Amerikako XX. mendeko gizartea ulertzeko testu aproposa da». Bertan, Grouchok aletzen ditu burtsako espekulazioaren lehen urteak, showbusiness mundua, publizitatearena, gizon-emakumeen arteko harreman gatazkatsuak eta beste hainbat gai, horien artean, bere familiaren gorabeherak eta ibili herrenak. Izan ere, Marxtarrak ­Groucho bera, Chico, Harpo, Gummo eta Zeppo­ ez ziren bat-batean “Antzar zopa”, “Egun bat lasterketetan” edo “Gau bat Casablancan” filmen arrakastara iritsi. Hasierak, vaudevillean-eta, izugarri zailak izan ziren, eta, hain justu, horiek dira “Groucho eta ni” lanean beharbada hobekien islatzen diren garaiak.

«Baina ororen gainetik ­ohartarazi du Canok­ liburuan Grouchoren umore zirtolaria, bizitza ikusteko prisma ironikoa eta pertsonaia bera gailentzen dira. Salba gaitzakeen gauza bakarra umorea dela uler- tzen ez duenak ez baitu bizitza honetan paradero samurrik», gehitu du hitzaurregileak.

Itzulpena Miren Arratibelek eta Aintzane Atelak egin dute. Haien lana goretsi du Canok: «Euskarazko testua ederra da, jatorrizkoaren ńabardura eta umore kolpeak jaso dituzte, eta ez zen batere erraza».

Miren Arratibelek berak GARAri adierazi dionez, itzulpen dibertigarria baina zaila izan da. «Batez ere, garai bateko kultur erreferentzia asko erabiltzen dituelako; sarri aipatzen ditu guretzat ezezagunak ziren aktoreen izenak edo filmeen izenburuak», esan du. Estilo aldetik, berriz, ez dute aparteko arazorik izan ­«oso bizkorra da-eta»­, ezta hizkera aldetik ere, nahiz eta liburuan, Groucho Marxek gogoeta egiten duenetik pasadizoak kontatzen dituenera, erregistro aldaketa nabarmenak suma daitezkeen.

Meettok-en lehena

Meettok-en aurkezpen txartela da “Groucho eta ni”. Ramon Etxebeste da Donostiako argitaletxe berriaren arduraduna. GARAri esan dionez, urtean lauzpabost liburu bakarrik plazaratzeko asmoa dute, «gure gaitasuna eta merkatuarena berarena mugatuak direlako». Denetik pixka bat argi- taratuko dute, euskaraz eta gaztelaniaz, beti hutsuneak aurkitu eta bete nahian. «Horra ‘Groucho eta ni’ren kasua ­esan du Etxebestek adibide modura­. Testua aspaldi ezagutzen nuen; berrirakurri eta, Harkaitzi bezala, gaurkotasun handikoa iruditu zitzaidan. Euskaraz ez zegoela ikusirik, argitaratzera animatu ginen, Grouchoren umorea euskaraz ere oxigenoa bezalakoxea izan daitekeela pentsatuz».



Gezurren artean, hainbat egia
Hona “Groucho eta ni”n aurki daitezkeen hainbat harribitxi.

- «Gauza jakina den arren, bada garaia, nire ustez, oso gazterik jaio nintzela iragartzeko».

- «Ukaezina da autobiografia gehienek egiari uko egiten diotela. Gizon publiko gehienei buruzko egia berdaderoa idatzi izan balitz, ez legoke denak preso sartzeko aski espetxerik. Gezurra da Amerikako industria nagusietakoa».

- «Maitasuna gauza distiratsua da. Ez dakit zehazki horrek zer esan nahi duen, baina abeslariek ere nolabait atera behar dute bizibidea».

- «Amak esaten zuen batere talenturik gabeko jende asko ezagutzen zuela ikuskizunen munduan. Niri begira zegoen».

- «Liburu asko eta asko irakurri ditut, ustezko adituak idatziak, umorearen oinarriak azaltzen dituztenak. Komediante batek bera dibertigarria zergatik den eta albokoa dibertigarria zergatik ez den esan lezakeenik zalantza egiten dut nik, ordea. Nire ustez, komedianteak halabeharrez eta hanka-sartzeak eginez bilakatzen dira komediante».

- «Samin handia eragiten dit gizon barregarri batek paper serio bat jokatzen duenean kritikariak histeriak jota ikustea, komikoa era guztietako lausenguez goresten (...). Ez da izango komiko bizi bakar bat ere paper dramatiko batean lan bikaina egiteko gai ez dena. Baina, aldiz, ez da antzezle dramatiko asko izango paper komiko batean lan txukuna egin dezaketenak».

- Garai hartan, antzezlearen estatus soziala nolakoa zen ikus dezazun, behin, Hegoaldeko nekazari batek, Louisianan, nire anaia bati esan zion berriro bere alabarekin hizketan harrapatuz gero akabatu egingo zuela. Nekazariak arratsalde hartan lintxamendu batean parte hartzen nahiko lan bazuelako ez zion anaiari tiro egin».

- «Ikuskizunen munduan ezin barkatuzko hutsegitea da arrakasta iraunkorra. Porrotak argi eta garbi erakusten du muturrez aurrera erortzen denak ez duela gainerakoek baino talentu handiagorik, eta haren arrakasta zorte kontua zela, hein handi batean».


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Fallece en Santurtzi tras rozar con la catenaria del tren
Jendartea
Hasi dira prozesioak
Jendartea
La ESA publica las primeras fotos del Polo Sur de Venus
Euskal Herria
División y prohibiciones marcan también el Aberri Eguna tras la iniciativa de ETA
Euskal Herria
Mexikon giltzapetu sei euskal presoek gogor kritikatu dute Fox-en Gobernua
Mundua
Irán deja claro a ElBaradei que no habrá marcha atrás en su programa nuclear
Euskal Herria
«Es ya una realidad que el movimiento juvenil trabaja con visión nacional»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea