GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-04-14
Mendi martxa abiatu dute Durangaldean AHTk izango duen eragina gaitzesteko
"Pausoz pauzo... AHT geldYtu!" lemapean ekin diote dozenaka lagunek Eguzkik antolatutako mendi martxari. Durangotik abiatu, Zornotza eta Galdakao zeharkatu eta Bilbon amaituko da martxa igande honetan, eta, ibilaldian zehar, "euskal Y" deiturikoak Durangaldean eragingo duen «kalte izugarria» izango dute hizpide nagusi. Horrez gain, atzo Zornotzara egindako bisitan Boroako zentral termikoaren gaineko ikus-entzunezko emanaldia izan zuten ikusgai.

DURANGO

Eguzkiren ekimenez, abiatu da jada AHTren aurkako aurtengo mendi martxa. Oraingo honetan, Durango eta Bilbo arteko ibilbidea egingo da Bizkaian eta, bereziki, Durangaldean azpiegitura horrek izango dituen eraginak salatzeko asmoz.

Dozenaka ibiltari abiatu ziren goizeko 11.30etan Durangoko Andra Mari elizatik, motxilak, mendiko arropa eta elikagaiak bizkarrean zituztela, “euskal Y” deiturikoak aipatutako zonaldean izango duen trazatuaren ibilbidea egiteko (Durango-Zornotza-Galdakao­Bilbo). Ekitaldia etzi amaituko da Bizkaiko hiriburuan.

Eguzkiko kideek azaldu zutenez, parte-hartzaileek Mugarraren magala zeharkatu eta AHTk Durangaldean eragingo dituen «kalte izugarriak» bertatik-bertara ezagutzeko aukera izango dute. Bestalde, atzo ilunabarrean Zornotza Bizirik-eko kideek Boroako zentral termikoaren gaineko informazioa helarazi zieten ibiltariei, ikus-entzunezko emanaldi baten bidez.Eguzkiko kideek bi azpiegitura horien arteko lotura zehaztu eta erakundeen jarrera gaitzetsi zuten: «Abiadura Handiko Trena bezalako azpiegiturak energia kontsumitzaile handiak dira, eta, beraz, Boroa moduko zentral termikoen beharra dute. Bi proiektu horiek aurrera eramateko administrazioek inposizioan oinarritutako politika erabili dute etengabe, eta, beraz, bi azpiegiturak txanpon beraren bi aldeak dira».

Eguzkiren iritziz, egoerari aurre egiteko gizartearen parte-hartzea da gakoa. «Hark erabaki behar du zein izango den etorkizunerako nahi duen garapen eredua», esan du.

Boroako termikoa gogoan

Zornotzatik Galdakaorako bidea hartuko du gaur mendi martxak, eta, bide batez, Boroako zentral termikoaren aurrean elkarretaratzea egingo dute.

«Apirilaren 14a gorriz tindatutako eguna da ekologistentzat», azaldu zuten Eguzkikoek. Izan ere, data horretan egin zen Zornotzako herrian Boroaren etorkizunaren gaineko erreferenduma. Gogora ekarri zuten orduan erakundeek ez zutela iritzi-bilketaren emaitza aintzat hartu nahi izan. 2002ko apirilaren 14an bozka eman zuten zornotzarren %98k agertu zuen Boroako zentral termikoaren proiektuaren aurka zegoela.

«Herriaren izenean jarduten dutela esaten dute, baina gehiengo sindikal eta soziala ‘euskal Y’ proiektuaren aurka agertu da, eta gobernuen jarrera ez da aldatu; inposaketaren aldeko apustua egiten jarraitzen dute», argudiatu zuten. Hala, gogora ekarri zuten Gasteizko eta Madrilgo Gobernuek elkarlanerako akordioa hil honetan sinatzea espero dutela.



Estatu frantsesak TGVaren bi proiektu batera egin nahi ditu
GARA

PARIS

Estatu frantseseko Garraio ministro Dominique Perben TGV abiadura handiko azpiegituraren bi zati denbora-tarte berean eraikitzearen alde agertu zen. Zehazki, Burdeaux-Toulouse eta Bourdeaux-Hendaia tarteen gainean mintzatu zen Perben eta, iritzi zuenez, trenbide biak aldi berean egitea bateragarria izan daiteke.

«Bi proiektu horiek paraleloki gauzatu daitezkeela defendatzen dut, bietan aurrerakuntza batera gertatzea posible dela uste dudalako», adierazi zuen.

Hala eta guztiz ere, Perbenek azpiegituraren bi zati horiek batera egiteak eskatzen duen finantzaketak buruhausteak ekar ditzakeela onartu behar izan zuen: «Proiektuen finantzaketa zaila izango da, baina ez dut uste horrek programatuta dauden egutegietan eragin nabarmenik izango duenik», esan zuen.

Era berean, ministro frantsesak «finantzaketa bide berritzaileetara» jo daitekeela aurreratu zuen; hau da, kapital publiko eta pribatuen arteko konbinazioa erabil daitekeela azaldu zuen.

Hasiera batean, Akitaniako kontseiluak Bourdeaux eta Hendaia bitarteko lotura besteak baino lehenago egitea proposatu zuen. Argudiatzen zutenaren arabera, era horretan hegoalderako trafikoa baretzea lortuko litzateke. Toulouserako bidean pilaketa gutxiago izaten zirela ere nabarmendu zuen.

Akitaniako kontseiluak esandakoak kontra egiten dio Perbenen proposamenari. Izan ere, bi proiektuak batera egiteko finantzaketa biderik ez zegoela ziurtatu zuen kontseiluak.

Lakua eta Gobernu espainolaren arteko ituna salatu du AHT Gelditu!-k

GARA

DONOSTIA

AHT Gelditu! Elkarlanak Gasteizko eta Madrilgo Gobernuek apirilaren 24an hiriburu espainolean sinatu nahi duten hitzarmena gaitzetsi zuen. Itun horren bidez “euskal Y” izeneko azpiegitura «elkarlanean» eraikitzeko akordioa adostuko dute aipatutako gobernuek. Elkarlanaren hitzetan, «inposaketaren estragiak» aurrera dirauela ziurtatzeko beste pauso bat izango da.

Administrazioek euskal herritarrei «beste gizarte eta garraio eredu baten» oinarriak eztabaidatu eta erabakitzeko aukera ukatzen diela salatu zuen, eta hurrengo hilabeteetan AHTren aurkako mugimenduak erronka berria izango duela nabarmendu zuen. «Argi dugu oraindik garaiz gaudela eta indar nahikorik badugula zentzugabeko azpi- egitura erraldoi hau gelditzeko», azaldu zuten. Mobilizazioetan parte hartzeko deia ere egin zuten.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Fallece en Santurtzi tras rozar con la catenaria del tren
Jendartea
Hasi dira prozesioak
Jendartea
La ESA publica las primeras fotos del Polo Sur de Venus
Euskal Herria
División y prohibiciones marcan también el Aberri Eguna tras la iniciativa de ETA
Euskal Herria
Mexikon giltzapetu sei euskal presoek gogor kritikatu dute Fox-en Gobernua
Mundua
Irán deja claro a ElBaradei que no habrá marcha atrás en su programa nuclear
Euskal Herria
«Es ya una realidad que el movimiento juvenil trabaja con visión nacional»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea