- N1
Avironek lehen sailkatuaren zelaian jokatuko du
DONOSTIA
Avironek partida oso zaila izango du gaur ilunabarrean, 19.30etatik aurrera, Niorten, sailkapeneko lehenengoaren aurka jokatuko baitute.Aviron ongi jokatzen ari da azkenaldian, baina garaipenak lortzea asko kostatzen zaio. Pasa den astean, esate baterako, zuri-urdinek oso partida polita egin zuten, aukera andana ukan zuten golen bat egiteko, baina ez zuten asmatu, eta azkenean berdinean amaitu zuten norgehiagoka. Gaur badakite partida oso gaiztoa izango dela. Niort lehen postuan dago, eta heldu den urtean Bigarren Mailan aritzeko txartela ia eskuetan dauka. Gaur garaipenak ihes egingo ez dielakoan daude frantziarrak. Lapurdiko hiriburuan, ordea, beste era batera pentsatzen dute. Ongi jokatzen dute, eta etxekoen gehiegizko konfiantza hori aprobetxatu nahi dute puntuak besapean hartu eta etxeratzeko. Ez litzateke lehen aldia izango Avironek gaur Niorten irabaziko balu. Orain dela bi urte Avironek 1-2 bereganatu baitzuen partida. Orduan Kopa zen, eta frantziarrak BigarrenMailan zeuden, eta euskaldunak CFAn. Partida hark ez zeukan honekin zer ikusirik, baina orduko asmoek oraindik ere balio dute. Jokalariei dagokionean, Estrade, Sergent eta Pardeilhan min hartuta daude oraindik, eta gaurkoan ez dira izango hamaikakoan. Azken orduko ezusterik ez bada, hauek joka dezakete Avironen: Ruffier, Lestage, Talmont, Lalane, Laporte, Choplain, Chakir, Louit, Bidegain, Sautie eta Vareiles. Hau baieztatzen bada, Bouet, Lalague, Degoul, Ech Chergui eta Vaz geratuko lirateke, aukeraren baten zain.
Genets
CFA Mailan, Genetsek Andrezieux hartuko du bihar, 19.30ean hasita. Hori-berdeek nahitaez irabazi behar dute, bestela mailari eusteko geroz eta zailago izango baitute. Lapurtarrek azkeneko partidak galdu egin dituzte, eta azkenaurreko postuan jarri dira. Beheko postuetan gauzak estu daude, eta bihar irabazita, urrats bat aurrera emango lukete.
|