BILBO
Azken egunetan ezagutarazitako Arnaldo Otegiren kontrako epaiaz eta, Pernando Barrenarekin batera, Dublin eta Belfastera bidaiatzeko Fernando Grande-Marlaska epailaren debekuaz aritu ziren atzo hainbat agintari politiko. EAko Antolakuntza idazkari eta legebiltzarkide Rafa Larreinak salatu zuen Arnaldo Otegiri leporatzen zaizkion delitu guztiak «iritzi-delituak» direla. Konponbiderako prozesuan Auzitegi Nazionala «oztopo handia» dela ziurtatu zuen.EBko koordinatzaile nagusi Javier Madrazok ere agintari independentistaren kontrako «zapalkuntza judiziala» gaitzetsi zuen. «Memento honetan ez du inolako zentzurik» adierazi zuen. Horren haritik, ETAren ekintza armatuen etenaldi iraunkorrak «sortu duen egoera berria kontuan hartzeko» eskatu zuen EBko buruak.
Justiziak «legalitatea aplikatzerakoan irizpide malguagoak erabiltzea» proposatu zuen Madrazok Bilbon.
PSEko eta PPko agintariek, berriz, Arnaldo Otegiren aurkako neurriak txalotu zituzten. Senatuko presidente eta PSEko Exekutiboko kide Javier Rojok egungo egoera politikoa «konplikatua» dela onartu zuen, eta aurrera begira «dena normalagoa» izango dela ziurtatu zuen.
«Botereen banaketa egungo egoera politikoarekin eta inteligentziarekin» bateratzeko eskatu zuen Rojok; hala, egoerak eskatzen duen erantzuna eman ahal izateko.
PPko idazkari nagusi Angel Acebes pozik agertu zen Grande-Marlaskak Otegiri Irlandara joatea debekatu diolako. «Eskerrak epaileak, Fiskaltzaren kontra, ohiko delinkuente Otegiri Batasuna eta ETAren propaganda egitera Irlandara joatea galarazi diola», esan zuen.
Leopoldo Barreda EAEko PPko buruak «ETA-Batasuna disolbatzeko» esanez erantzun zion lehendakariari, herenegun egoerak eskatzen duen mailan egoteko eskatu baitzuen.