Estiloz anitza eta edukiz bikaina da Zarauzko SKTk atera duen lehen diskoa
Zortzi kanta bildu ditu Zarauzko SKT taldeak Musikherrian atera duen lehen diskoan eta, oro har, rockaren barrutian mugitzen bada ere, raparen eragina nabari zaio kantariari bederen, Imanol Epelde bertsolariari, kantatzeko eran. Kanta horietako bat «Dena eman duenari» (Ekain Ruizi eskainia) rap pieza bat da eta bada bertsoaren eraginik ere, Txiki Paredesi eskainitakoan, adibidez. Egile eskubideei uko eginda, hiru eurotan atera da diskoa, Musikherriakeko aurrekoak bezalaxe.
ZARAUTZ
Musikherriak Zarauzko SKTSekuentzia taldearen lehen diskoa jarri berri du kalean. «Gurea Musikherriak atera duen hamaikagarrena da. Oso egitasmo garrantzitsua da gurea bezalako taldeentzat. Elkar ezagutzeko bidea eman digu. Gure lanak gizarteratzeko ditugun oztopoak kontuan izanda, horrelako egitasmoek sekulako arnasa ematen digute», esan zuen Imanol Epelde bertsolari eta taldeko kantariak.Epeldek aipatzen dituen herrietako talde horiek badituzte ezaugarri komunak. «Autogestionatuta atera diren proiektuak dira:geuk egin, geuk grabatu eta geuk ekoitzi. Ez dugu, noski, egile eskubiderik kobratzen. Justu kontrakoa da gure bidea:kulturaren pribatizazioaren aurka aldarri bat ere bada gurea, eta copyright-aren kontra gaude», jarraitu zuen. Ondorioz, diskoak hiru eurotan saltzen dituzte. Eta zuzenekoak ere Musikherriak berak antolatu zituen Gaztetxe Biraren bidez. «Gaztetxeetan egin zen Gaztetxe Bira, eta hor lauzpabost emanaldi egin genituen. Bira hori modu autogestionatuan egin zen. Tokatzen zitzaion taldea gaztetxera joan eta berak antolatzen du zuzeneko emanaldia. Guk ez dugu, beraz, merkatuan leku bat egiteko pretentsiorik. Hori bai, egiten dugun lana ezagutzera ematea gustatzen zaigu, eta hori lortzen ari da Musikherria. Gure aurretik diskoa atera duten hamar taldeetatik ez nuen bakar bat ere ezagutzen. Oso lan duinak dira. Irratietan, esaterako, ez lukete inolako arazorik talde hauen lanak jartzeko. Egitasmoak aurrera egin ahala, Euskal Herri osoko taldeen lanak ezagutzeko aukera izango dugu», esan zuen Imanol Epeldek.
Zortzi kanta Zarauzko Sekuentzia taldeak lau bat urte zeramatzan lanean, astean saio bat edo bi eginez. Mattin Epeldek, Imanolen anaia gazteak, jotzen du bateria, Felipe Kortajarenak jotzen du gitarra, Garikoitzek jotzen du bigarren gitarra eta Mattin Ostolazak baxua. «Ni naiz zaharrena eta anaiaren adin bueltakoak dira besteak, zazpi bat urte gazteagoak. Melodiaren zatia bat ekarri ohi du norbaitek, eta horren gainean egiten da kanta. Ondoren nik egiten ditut hitzak. Oso gustu desberdinekoak gara denok, eta gustu horien koktaila da diskoa», esan zuen Imanol Epeldek. Hura rap zalea izaki, eragin hori nabari zaio bere kantatzeko eran, eta badago abesti bat ere, “Dena eman duenari”, estilo horretan egina. Baina denetik dago “Hautsetik” diskoan eta Txiki Paredesi eskainitako bertso batzuk ere entzun daitezke. Nabarmentzekoa da diskoari izena ematen dion kanta, “Hautsetik”, guztiz ederra delako. Rockaren eremuan mugitzen da oro har taldea, eta diskoa entzuten duena hitzen kalitatearekin harrituko da. Gaiak «sekuentzia» gisa ikusten dituzte, bizitzaren une «beroenak» balira bezala. «Zuzenekoetan ere pertsonaia baten bizitzako sekuentziak balira bezala aurkezten ditugu kantak», esan zuen taldeko kantariak.
|