Julen Murgoitio
Bareak
Hau kolpea! Euskal gizartearen barruko desoreken adibide bikaina. Espezie guztientzat demokrazia bera ez dagoela seinale. Kolpea, bai. Izaki bizidun batzuentzat jaiegunak eta kanporako oporraldia izan diren Aste Santuko eta Pazko asteko egunen itzulera operazioa amaitua den honetan, horra hor beste izaki bizidun batzuentzat irteera operazioa hasia dela. Bai, Arabako barraskiloez nago orain. Urtez urte, urtero, San Prudentzio egunaren bezperagoetan milaka eta milaka barraskilok hartzen du Arabatik kanporako bidea, halabeharrez, herrialde horretako sukaldaritza zaharreko zaletuengandik ihesean, mukia ala hil! oihupean. Ez, ez da batere erraza barraskilo arabarren bizimodua, apirilaren azkenekoetan behinik behin, segundo batez arreta galdu eta dzast! oskolaren gaineko atzamar batzuen presioa sentituta segituan dira horiek poltsa batera bilduak, eta handik ez askora sutan. Eta hor doaz, errenkan, ilaran, bide bazterreko sasietan zehar, Arabatik kanpora, atzerrira, San Prudentzio pasatu artean behintzat. Eta Ertzaintza dute horiek zelataka bidean, ilarako ale batzuei oldartzeko grinetan; besteek ilaran joateko duten eskubidea bermatzeko, esango dute gero Lege- biltzarrean, aitzakia merkean. Dena dela, barraskilo ale askok ez du alde egiteko aukera izango eta dzast! poltsara bildu! komisaldegi batzuetan atxilotu batzuen burua bezala. Eta poltsatik sutara. Eta sutatik platerera. Eta sabelera gero, gorputzak baliatua ez dena saneamendu sarera bideratu aurretik. Ez da harritzekoa San Prudentzio ondorengo egunetan tripontzi batzuek praketako poltsikoetan mukizapi bana eroan behar izatea. Badakizue katekesi garaiko esate hura, ezta?: materia ez da ez agertzen ez desagertzen, sudurrez aldatzen baino. Eta mukia materia da. Ba, hori da, kate trofikoa diotsate horri, momentuz behintzat; laster batean sudur batzuetan eskegita muki transgenikoak ere ikusteko parada izango dugu eta! Eta nire buruari galdetzen diot, San Prudentziok erantzungo ez didalakoan, zergatik barraskiloak helburu eta ez bareak? Zergatik bareak lapikora ez? Zein da aldea? Oskola ote aldea? Baina barraskiloena ere ez da jaten, orduan? Kezkatuta nago ni, barraskiloa eta barea, ai zelako parea! esan dugu beti euskaldunok; zelan konponduko du San Prudentziok bere izenean sortzen ari diren desoreka hori?. Eta parearena esan dudala beste kontu bat etorri zait buru aldera. Pareak hauek ere. Ez ote dute gure beheko estatuko hiritarrek zer ikasirik Nepaleko herritarrengandik? Ee? Ezer ere ez? Jakina, ez nago saski-baloiaz, ez horixe, mendiez ere ez, hango eta horko monarkiaz nago. Noizko erresuma den beheko horretan Nepalen bezalako oldartze jatorra? Ez al dute beheko ezkertiarrek erresumina sentitzen?. Ama, ama! Iberiar Mendilerroa Himalaia balitz!. Denbora kontua, beharbada. Ea Afrikako plakak astindu ederra ematen dion behingoz Iberiari eta ganora nagusitzen den eremu horretan! Bitartean, bizitza ez da erraza barraskiloentzat, perretxikoentzat ere ez, eta antxoentzat zer esan! Ama, ama! -
|