GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa 2006-04-30
Xabi Larralde - Batasuneko mahaikidea
ETAren su etena

ETAren su-eten iragarpena berez da ona. Egoera berri bat sortzen du, dudarik gabe, baina duela hilabeteak bizi genuen bilakaeraren segidan kokatzen da. Orain hobeki baloratzen dugu “Orain Herria, orain Bakea” proposamenaren eragina. Proposamen horren bitartez, Ezker Abertzaleak eskua luzatu dio Zapateroren gobernuari, gatazkaren konponbide negoziatuaren alde egin dezan. Une honetan estimatzen da norainokoa izan den Nazio Eztabaida Gunearen lan eskerga. Horren lan ildoa segituz, duela urte bat sinatu zen Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa, datorren fase politikorako aktibo politiko preziatua dena. Su eten iragarpen honek erakunde armatuak gatazka demokratikoki konpontzeko duen borondate zintzoa erakusten du.

ETAren su etenaren iragarpenak naturalki pozten gaitu. Baina optimista izateko garaia bada ere, zuhurki jokatu behar dugu, batez ere Arnaldo Otegi bezalako solaskide nagusi bat kartzelaratu eta berme izugarri baten zamapean kanporatzen dutelarik. Ezker Abertzalearen helburu zintzoa gatazkaren konponbide demokratikora eramanen gaituen prozesua garatzea da. Horrek Euskal Herriaren historian urrats historikoa ahalbidetuko luke, baina ez litzateke horregatik amore emate prozesua izanen. Azken urte hauetan entzun izan dena (baita mugimendu abertzalearen baitan ere) gezurtatuz, su etena ez da gauza guztietarako soluzioa. Jokoan dagoena prozesu honi eduki politikoa ematea da, hau da, Paris eta Madrilek Euskal Herri osoko herritarrei erabakitzeko eskubidea errespetatzeko konpromisoa hartzea. Erran deza- kegu, beraz, oztopoz beteriko bide luze bat egiteko dagoela (zenbat urte?).

Abian ezarri behar dugun prozesuaren beste ezaugarri bat bere dimentsio nazionala da. Euskal Herrian egiazki urrats historiko bat ematea baldin bada gure eginkizuna, ezin dugu gorde azken 30 urteetan estatu frantsesari doakion gatazkaren partea. Klase politiko jakobinoaren (izan dadin lokala edo paristarra) parte handi baten arabera ez litzateke gatazkarik Ipar Euskal Herrian; eta hori argumentatzeko azken urteetan bortizkeriarik ez dela izan diote molde hipokritan. Baina azken 30 urteetan hainbat fase izan dituen gatazkari era historikoan heltzen badiogu, ohartuko gara izan direla 20 urtez Euskal Herriko Iparraldean bortizkeria adierazpen oso larriak (IKren atentatuak, errepresioak hilak, desagertuak, GAL, karrika borroka). Politikari jakobino horiei zinismoa alde batera uzteko erranen nieke nik, baina batez ere zuhurtzia edo zolitasuna erakusteko; izan ere, ezin baita sintoma baten absentziaz soilik arazo baten izaera edo existentzia ukatu. Honetaz, interesgarria litzaieke hausnartzea aitzineko 10 urteekin konparatuz azken 10 urte hauetan ETAren borroka sostengatzeagatik sasian sartu direnen Iparraldeko militanteen (jatorri frantsesekoak, haiek dioten gisan) kopurua modu adierazgarrian apaldu denez.

Hurrengo urratsa, Euskal Herriko ahal bezainbeste sentsibilitate politikoz osaturiko konponbiderako mahaia abian ezartzea da. Zein da mahai horren eginkizuna? Euskal Herrirako estatutu instituzional berria(k) definituko dituen koadro politikoaren inguruan akordio bat erdiestea. Euskal Herriko populazioak ontzat edo txartzat jo beharko du akordioa erreferendum baten bitartez. Euskal Herriko lurraldeen aniztasuna kontuan hartuz, erreferenduma egiteko moldeak gutxieneko adostasunean oinarritu behar du.

Finean, Euskal Herriko aktore politiko eta sozialek osatzen duten mahai honek emanen dio eduki politikoa garatu behar den prozesuari. Garrantzitsua da erabat Euskal Herria osoa, bere aniztasunean, mahai horretan ordezkatua egotea, eta bereziki Iparraldea. Adierazpen ofizialek arazoa «espainola» dela badiote ere, gobernu frantsesak badaki bera ere bake konponbidean hartua izanen dela Madrilek menturazko urratsak emanen balitu. Adierazgarria da oso su etenaren iragarpena baino aste bat lehenago De Villepin (orduan CPE edo lehen lan kontratuaren krisian larri sartua zelarik) Zapaterorekin eztabaidatzera Madrilera joan izana. Su etenaren bi aste berantago, Juan Carlos erregearen aldi zen Chirac eta De Villepin bisitatzera joana. Errepresioaren eremutik at, funtsezkoa da gobernu frantsesa ezagutza politikoaren eremura eramatea. Zentzu horretan, arazoa ongi ezagutzen duen eta Frantziako defentsa ministro den Michèlle Alliot-Mariek hala esan zuen berriki: «Etorkizunean, sua eteteko eta soluzioak atzemateko benetako borondatea dagoela frogatuko denean, gai guztiak eztabaidagai izanen dira. Eta ongi diot, gai guztiak». Guri doakigu beraz hitz horiek ekintzak bilaka daitezen baldintzak sortzea.

Konponbide mahaian eztabaidatu beharrekoari begira, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoari buruz egiteko dugun ariketa ez da Hegoaldeko herrialdeetan egin behar dugunaren guztiz berdina, abiapuntua bera ez delako, besteak beste. Baskongadek eta Nafarroak autonomia estatutuak dituzte, eta Ipar Euskal Herriak inolako ezagutza instituzionalik ez du. Baina, halere, ariketa guztiz antzekoa da. Koadro politiko be- rriaren inguruan ahal bezainbat sentsibilitatek akordioa erdiestea da gure erronka. Gure kasuan, koadro politiko berri hori ezagutza instituzionala da. Zenbait eskubideren (hizkuntz eskubideak adibidez) eta Iparraldearen garapena ahalbidetzeko beharrezko eskuduntzen bermea emanen duen berezko estatutu bat, adibidez. Baina hortik haratago, baita gero eta argiago den Europako testuinguruan Nafarroako eta Baskongadetako herrialdeekin harremanak lotzeko koadro bat ere. Koadro politiko berri hori ez zaio inori inposatuko, populazioaren kontsulta baten ondorio izanen delako prezeski.

Ariketa horretan eragile eta mugimendu ez abertzaleen presentzia funtsezkoa da, gure zirkulua baino haratago, gainditzen dituzten sentsibilitateek prozesu abertzale soila egiteko arriskuak saihestuko dituztelako. Horretan ere gure nahiak dimentsio historikoa hartu behar du. Gatazkaren konponbide demokratikoan parte hartzeko eszeptikoak diren Ipar Euskal Herriko alderdi eta mugimenduei, estatu frantsesari begira metodoa ez dela berria erraten diegu. Izan ere, Estatu frantsesarentzat funtsean Kortsikan berriki gertatu denaren antzekoa da. 2003an, estatutu berri baten inguruko kontsulta izan zen Kortsikan, eta haren aitzin negoziazioetan sentsibilitate politikoek parte hartu zuten. Guri denei doakigu beraz, abertzaleei eta ez abertzaleei, bakoitzak bere ardurak hartzea eta Euskal Herrian ireki den aukera historikoari balio osoa ematea. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Montejurra, 30 de años de impunidad sobre la matanza con más testigos
Mundua
Prodi araña las dos presidencias del Parlamento y Berlusconi capitula al fin
Kirolak
Poco punto para tantas oportunidades
Kirolak
Biarritzek ez du Avironekin inongo gupidarik izan
Euskal Herria
«El foro multipartito se constituirá posiblemente después del verano»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea