Batasunak EAJren proposamena salatu du
·Lurzoruaren Legearen inguruko eskariak akordioa txartzen duela kritikatu du
Aurreko ostiralean EAJk Lurzoruaren inguruko proposamena aurkeztu zuen. Batasunak eskariaren muina salatu du, etxebizitzaren espekulazioa desagerrarazten ez duelako, eta, horrez gain, pisu garestien aldeko apustua egiten duelako, etxebizitza sozialak baztertuta.
BILBO
EAJren bozeramaileak, Iñigo Urkulluk, aurreko ostiralean Lurzoruaren Legearen inguruan egin zuen planteamendua salatu du Batasunak, bere ustez, proposamenak hirukoaren eta PSEren arteko akordioa txartzen duelako.
Alderdi abertzaleak uste du Urkulluren eskaerak ez duela hobekuntzarik ekartzen, baizik eta «guztiz kontrakoa». Izan ere, proposatutakoa aurrera eramanez gero, babes ofizialeko etxebizitzen erreserben atalaren liberalizazioa ekarriko lukeela kritikatu zuen, eta horretaz gainera, eraikuntzako eta promozioko enpresen zerbitzura egongo den lege bat izango dela esan zuen.
Horrez gain, hutsik dauden pisuen okupazioa aurrera eramateko plana proposatu ordez, Urkulluren eskarian etxebizitza garestien aldeko apustua egiten dela salatu zuen.
Horretaz gainera, Batasunak gogorarazi zuenez, hirukoaren eta PSEren artean adostutako hasierako akordioak ez dio espekulazioari aurre egiten. Gainera, etxebizitza duinaren jabe izateko jendarteak duen eskubidea unibertsala dela nabarmendu zuen, eta Urkulluren proposamenak ez duela hori bermatzen gaineratu.
Beraz, EAJk egin nahi duen aldaketak ez duela etxebizitzaren arazoa inondik ere konpontzen salatu zuen, haren iritziz, berriz ere, helburu ekonomikoetan pentsatzen jarraitzen dutelako, eta hala, etxebizitza negozioa egiteko merkantzia bilakatzen dela adierazi zuen.
Horregatik guztiagatik, Batasunak hirukoaren eta PSEren akordioa bertan behera uzteko eskatu zuen. Horren ordez, alderdi abertzaleak Lurzorua gizartearen ondasuna dela aldarrikatu zuen, eta ondorioz, lege berri baten aldeko apustua egin zuen. Gainera, hustutako etxebizitzak okupatzeko politikak bideratu behar direla iragarri zuen. Azkenik, mota horretako lege bat egiteko, jendartearen partehartzea ezinbestekoa dela aldarrikatu zuen.
Iñigo Urkulluk EAJren izenean proposatu zituen aldaketen artean, hauexek dira aipagarrienak: eraikiko diren etxebizitza guztien % 80 etxebizitzarik ez dutenentzat gordetzea. Kopuru horretatik, %20 alokairu sozial eta publikorako nahitaez gordeta egongo lirateke, eta, gainontzeko %60 Babes Ofizialeko Etxebizitzen artean banatuko litzateke.
|