Emakumeen Liga
Hondarribia-Irun finaletik at geratu da berriro ere
·Hirugarren laurdenean jaso duten 18-4 partzialaren ondotik joan zaie partida
PERFUMERIAS AVENIDA 67 HONDARRIBIA - IRUN
45 Perfumerias: Laura Camps (8), Nuria Martínez (7),
McWilliams (17), Kelly Schumacher (14) , Elena Tornikidou (12), -hasierako
bostekoa Noelia Oliva (0), Blanca Marcos (5), Clara Bermejo (2), Katia Da
Silva (2). Hondarribia: Murriel Page (4), Marina Ferragut (7) Korie Hlede (5),
Lourdes Peláez (10), Kiesha Brown (13) -hasierako bostekoa, Tania Quintero
(0), Andrea Csaszar (6). Epaileak: Garmendia Zorita, Morales García-Alcaide.
Kanporaturik ez. Partzialak: 19-13, 9-17 (28-30 atsedenaldian); 18-4 eta 21-11.
Gorabeherak: 3.800 ikusle Salamancako Wurzurg pabilioian. Emakumeen Saskibaloi
Liga nagusiko bigarren finalerdiari dagokion hirugarren eta azken partida.
Perfumerías Avenidak Universitat F.C. Barcelonaren aurka jokatu beharko du
Emakumeen Ligako final nagusia.
SALAMANCA
Azken hiru urteetan gauza berbera gertatu zaie Txingudiko badiako saskibaloi taldeko neskei: finalerdietan kalera bidali ditu talderen batek. Aurtengo honetan Salamancako Perfumerías Avenida taldea izan da Jon Txakartegik zuzentzen duen taldearen borrero, hirugarren eta azken norgehiagokan 67-45 emaitzaz nagusitu ondoren. Dena dela, partidako atsekabearen gainetik, Hondarribia-Irunek bere historiako denboraldi onena egin du, eta etorkizunera begira aukera gehiago izan ditzakeela garbi dago.Partida oso aldrebes hasi da gipuzkoarrentzat, Salamancakoak 15-2 jarri baitira aurretik. Hala ere, Hondarribiarrek ez dute amore eman, eta pixkanaka aldea jan diete Kopako txapeldunei. Atsedenaldia baino lehen markagailuan aurrea hartzea lortu dute, sei puntuko abantaila handiena lortuta. Bigarren laurdenaren amaieran 28-30 aurretik zihoazen Txakartegiren neskak. Bigarren erdia jokatzeke eta dena airean.
Barrutik irtenak Gaizki ekin diote gipuzkoarrek hirugarren aldiari, beharrezko den zorte apur hori falta izan dute-eta. Hiru hutsegite jarraian egin dituzte, eta barrura zihoazen hiru baloi irten egin dira. Horiek hala, Perfumerías Avenidako emakumeak lau puntu aurretik egotetik, hamar puntuko aldea izatera pasa dira. Horrez gain, astean zehar Hondartzako pabilioian galdutako aukera ikusita, etsi egin dute Hondarribiarrek, eta 18-4 aurkako partzialaren ostean, dena erabakita geratu da. Azken laurdena ia sobera egon da. Etsipenak etsipen, Jon Txakartegi harro mintzatu zen jokalariek egindako lanaz. «Denboraldia zoragarria izan da. Sekula baino emaitza hobea lortu dugu, hirugarren ligan, Europan jokatu dugu eta berriro sailkatu eta Kopan ere bikain ibili gara. Ez gara finalerako sailkatu, baina beste batean izango da», aitortu zuen.
|