Bizkaiko bertsolarien eskualdeetako finalak bihar hasiko dira
BILBO
Bi urtetik behin jokatzen duten Bizkaiko Bertsolari Txapelketa abiatzeko zorian dago, bihar hasiko baitira lehenengo probak.
Azken bi Bizkaiko bertsolari txapelketen egitura mantenduko du 2006ko txapelketak ere. Hau da, garai batean bezala, eskualdeetako txapelketak izango dira udaberrian, eta udagoienean, Bizkaiko Txapelketa jokatuko dute.
Zazpi eskualdetan banatu dute Bizkaia, eta lurralde bakoitzeko bertsolari guztiek izango dute parte hartzeko aukera. Hauek dira eskualdeak: Arratia, Bilboaldea, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri, Lea-Artibai eta Ipar Uribe.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkatuko dira eskualdeetako txapeldunak, aurreko edizioetako finalistak eta, sailkapenaren arabera, 30 bertsolariko zerrenda osatu arte. Eskualdeetako txapelketaren finalak hurrengoak izango dira: Arratialdekoa, bihar, 18.00etan, Zeanurin; Lea-Artibai, Mendexan, hilaren 19an; Ipar Uribe, Getxoko Andres Isasi musika eskolan maiatzaren 20an; Busturialdekoa, Muxikan, 21ean; Durangaldekoa, Otxandioko frontoian, 27an; Bilboaldekoa, Solokoetxe ikastetxean, ekainaren 2an; eta Enkarterrikoa, Ortuellako kultur etxean hurrengo egunean.
Finalaurrekoak azaroko azken bi asteburuetan eta abenduko lehen asteburuan egingo dituzte. Kanporaketak, urriko asteburuetan. Azkenik, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala abenduko hirugarren asteburuan, Euskalduna jauregian izango da.
|