Josu Imanol Unanue - Gizarte ekintzailea
Tximino handiak proiektua
Abereen eskubideak aldarrikatzen ditugunok ontzat hartu beharko genuke «Tximino handi Antropoideen adierazpena», ez lege horrek asko lor dezakeelako, baizik eta ikusirik orain arte tximinoei eta beste abere askori eman diogun tratua, ona litzatekeelako zerbait asmatzea gure portaera maltzurraren gainetik haiek zaintzeko.
Proiektua batzuei barregarria iruditu arren, 1977an Unescok berak eta gero NBEk onartutako Abereen Eskubide Unibertsalen adierazpenean oinarrituta dago, eta guzti hori kontuan izatekoa da, gehienbat hala pertsona «adimentsu eta jakintsuak» beren zilborretik kanpo begiratzeko, eta ez «Jangoi- koaren» esanetan oinarritzeko arrazoiak eta argudioak proiektuaren kontra egiterakoan.
Gizakiok, arrazionaltasuna dela-eta edo, tximinoen kontrako jarrera daukagu, eta horri esker, milioika urtean ez dena lortu urte gutxitan lortzeko bidea hartu dugu: haien desagerpena. Baina, animalia asko desagertzen ari dira gure eraginez. Ziurrenik, gure belaunaldian ikusiko ditugu horrelako asko desagertzen, guretzako erabilgarriak ez direnak; zergatik merezi dute horrelakorik? Animaliak direlako?
Norbaitek zertaz ari naizen zalantzarik badauka, joan dadila Virunga Sumendietara, han bizi diren azken mendiko gorila handiak ikustera, Frankfurteko zoologikoak babestuta bizi dira, eta horrexegatik ordaindu beharra dago jagoleak ordaintzeko. Gidariak talde txikiak hurbiltzen ditu gorilengana: «‘King-Kong’ txiki hauek belarjaleak dira, begiratu ondo eta ikusi zelan komunikatzen diren, laztantzen, erabiltzen dituzten tresnak... eta begiratu ondo oinei eta eskuei eta ausarta izanez gero, begiei, inork esan dezake ez direla gure antzekoak?».
Baina, haiekin daukagun tratu bakarra erailtzekoa da, gero eskuak hautsontzitzat eta burua paper-gainekotzat erabiltzeko.
Tximinoek beste abere askoren gisa aski ordaindu dute gurekin bizitzea, eta ez dute errespeturik jaso; laborategietan erabiliak dira bio-mediku ikerketarako, zirkuetan dibertitzeko... eta argudioekin ukatu dizkiegu zientifikoek eta antropologoek ziurtatzen dituztenak, mina, poza, beldurra, maitasuna... sentitzen dutela, adiskidetzea bultzatzen dutela, beren kultura daukatela; beraz, ona litzateke haiek eta animalia guztiak bakean uztea eta babestea, eta guztion eskubideak defendatzea, hala edo hola, nahiz eta batzuek ukatu, gu ere txinpantze, bonobo, gorila edo orangutanen antzekoak gara, ez dakit arrazionalagoak, hori oso zaila egiten zait onartzea, barka nazala Sebastian artzapezpikuak, haren iritziaren kontra egiteagatik. -
|