ATENAS
Estaturik gabeko nazioetan autodeterminazio eskubideak duen garrantziaz aritu ziren Europako foro sozialean. Grezian egiten ari dira eta atzo izan zuen lehen eguna.Askapena euskal eragile internazionalistak antolatutako mintegian, autodeterminazio eskubidea subiranotasunaren ikuspegitik landu zuten han parte hartu zuten 150 lagunek. Mahaian, Askapeneko kide Walter Wendellinez gainera, Hungariako, Greziako eta Palestinako kide bana egon zen. Gainera, besteren artean, Kurdistango, Italiako, Sardiniako eta Herrialde Katalanetakoordezkariek hartu zuten hitza bertan.
Autodeterminazio eskubideaz bi zentzutan aritu zen hitz egiten Walter Wendellin: subiranotasunaren ikuspegitik sortutako gatazka politikoak gainditzeko eta eraldaketa sozialak egiteko tresna gisa duen garrantziaz. Euskal Herria izan zuen erreferentzia. «Ezin da inolako politika sozialik egin, ahalmenik, subiranotasunik ez badago politika horiek praktikara eramateko», nabarmendu zuen. Izan ere, haren esanetan, ezin da burujabe izan gabe politika sozial egingarriak aurrera eraman, ez eta bestelakorik ere.
Gatazka politikoen igarobidea
Hungariako alderdi sozialistako kideak bat egin zuen Wendellinen esanekin, eta estatuetako gutxiengoen eskubideak bermatzeko tresna zela aipatu zuen estatu horien barnean egoten jarraitu nahi duten edo ez erabakitzeko duten eskubidearen gainean. Greziako kideak ere gatazkak gainditzeko ezinbesteko igarobidetzat hartu zuen autodeterminazio eskubidea, eta Zipreren adibidea jarri zuen.
Italiako ordezkariak, aldiz, Nazio Batuek kudeatu beharrekoa dela argudiatu zuen. Batasuneko Karmelo Landak, jarraian, Nazio Batuek berek onartzen dutela azaldu zuen, baina eskubide hori errespetatzeko inolako gaitasunik ez dutela erantzun zion.