Azkarraga: «Pedrazen irizpideak jende asko utziko zuen kalean»
HERNANI
Lakuako Gobernuko Justizia sailburu Joseba Azkarragak adierazi zuenez, Santiago Pedraz Entzutegi Nazional espainiarrak Sandra Barrenetxearekin erabili zuen irizpidea aurretik indarrean jarri izango balitz, «gaur egun askoz ere jende gutxiago egongo zen espetxeetan». Zentzu honetan, Guardia Zibilaren txostenean soilik kontuan hartu ez izana eta atxilotuen deklarazioak eta epaileek egindako txostena ere kontuan hartzearen garrantzia nabarmendu zuen Azkarragak. 1936ko afusilatuen omenez Hernanin egin zen ekitaldian egin zituen Azkarragak adierazpenok egin zituen eta bertan Pedrazek izandako jarrera txalotu egin zuen. «Nere ustetan, hauxe izan behar da edozein epaitegiren funtzionamenduaren oinarria. Espero dut Entzutegi Nazionalean oraindik indarrean dauden prozesuetan irizpide hau kontuan hartzea», gaineratu zuen Azkarragak. «Duela urte asko planteamendu hau indarrean izang balitz, ziurrenik gaur egun dauden baino askoz ere pertsona gutxiago egongo lirateke kartzeletan», adierazi zuen Lakuako Justizia sailburuak. Bestalde, PSEko idazkari orokor Patxi Lopezek indarrean dauden neurriak modu malguagoan aplikatzeko deia egin zuen atzo. «Honek ez du esan nahi Estatuak berea egiteari utzi behar duenik», gaineratu zuen.
«Guardia Zibilak bereari eutsiko dio»
MADRIL Guardia Zibilaren zuzendari berri Joan Mesquidak orain arte talde armatu horretan egin duen lanarekin jarraituko duela nabarmendu zuen atzo Madrilen Gobernu espainoleko Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak. Mesquidak atzo hartu zuen kargua ofizialki, eta, ekitaldi horretan, Rubalcabak Guardia Zibilak egiten duen lana goraipatu zuen, bai Estatu barnean bai kanpoan. Horrekin batera, Mesquidak duen lana «biziki zaila» dela eta «ardura handiz» jokatu beharko duela gaineratu zuen Rubalcabak. Kargua hartu ondoren egin zuen mintzaldian, Mesquidak Guardia Zibilaren kuartelak hobetzeari ekingo diola aurreratu zuen, «lantoki eta bizitoki duinak» izateko. Atzo Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusiaren egoitzako ekitaldian izan ziren Barne eta Defentsa ministroak, Alfredo Perez Rubalcaba eta Jose Antonio Alonso, hain zuzen. Tropek desfilatzeaz gain, Estatu espainoleko ereserkia entzun zuten Mesquida Guardia Zibilaren nagusi berri izendatu aurretik.
|