Arazo fisikoek Unai Osaren ibilbidea oztopatu dute azken urteotan. Horregatik, ez du konfiantza handiegirik bere buruarengan Giroari begira.Hirugarren sailkatu zen orain dela bost urte, baina «errealista» da 30 urteko itziartarra.
Sierra Nevadan izan zara, zein lan mota egin
duzu?
Altueran lo egitea eta behean entrenatzea, gehien bat. Hala eta guztiz ere, egun batzuetan goraino heldu gara. Denetik egin dugu pixka bat. Iaz, Zornotzako lasterketaren ostean, giro oso txarra izan genuen etxean. Horregatik, aurten etxetik at entrenatzea erabaki dut. Bestetik, altueran entrenatzea nahi nuen. Aurrenekoetan, bi aldiz egon nintzen eta ez zen gaizki atera.
Zein asmo dituzu emaitzei begira?
Egia esaten badizut, ez dakit. Negu oso txarra izan da niretzat. Ebakuntza izan nuen belaunean abenduan, eta sendatzea latza izan da orain arte. Oraindik molestiak ditut, baina garrantzi handirik gabe. Izan ere, inoiz baino gutxiago eta gaizki entrenatu dut. Gainera, berandu hasi nintzen, urtarrilean, oso mantso. Lehian, halere, hobeto ibili naiz: Gaztela eta Leonen lan ona egin nuen eta Euskal Herriko Itzulian ez nintzen onenekin izan, baina nahiko gustura geratu nintzen, ikusita zer lan egin nuen negu osoan.
Zer espero duzu lortzea?
Gauza handirik, ez, egia esan. Errealista izan behar naiz. Ezbaiak ditut. Helburu xumeak ditut: etapa menditsuetan Scarponiren alboan izatea, laguntzeko asmoarekin, eta nire aukerak bilatzea azken astean. Azken finean, Manolo Saiz gustura uztea. Sailkapen nagusiari so egingo diot, baina ez itsu-itsuan. Aukera bilatzea izango da errazena.
Edonola ere, Giroa itzulirik gogokoena
duzu...
Bai, bai, gehien gustatzen zaidan lasterketa da, seguru, eta bertoko mendateak gustukuenak ditut. Hala ere, garrantzitsuena da edozein lasterketetara gustura heltzea eta ondo egotea.
Hortaz, urrun ikusten duzu 2001. urteko
hirugarren postu hura?
Bai. Ez dut konfiantzarik, eta orduan banuen. Galdu egin
dut hainbat arazo izan dut-eta. Ondo egongo banintz maila handia emango nuen. -