-Urrezko Aizkora -
Mindegiak aurrera egiteko behar duen puntua lortu nahi du Arrospideren aurka
·Olasagastik, berriz, finalaren atarikoan izateko nahitaez menderatu behar du Txapartegi
DONOSTIA
Dudarik gabe, Urrezko Aizkora unerik gozoenean sartuta dago, eta igandean jokatuko diren bi saioetan ez da emoziorik falta izango. Alde batetik, Miel Mindegiak finalerdietan izan nahi du, eta horretarako behar duen puntua lortu nahi du Arrospide mendean hartuta. Bestetik, Olasagasti behartuta dago Txapartegiri irabaztera, bestela kanpoan geratuko baita.
Bi jardunaldi izango dira, eta biak, gainera, etzi. Bata Urduñan, 12.00etan, eta bestea, Idiazabalen, 18.30ean. Urduñan B multzoko ligaxkako bigarren saioa izango da, eta han arituko dira bai Mindegia bai eta Arrospide ere. Ezkurrakoak garaipena lortuko balu, finalerdietarako txartela lortuko luke, eta multzoko estreinakoa izango litzateke. Gainera, lehenengo jardunaldian Larretxeari irabazi zion.
Arrospidek bereganatuko balu saioa, dena airean geratuko litzateke, eta azkeneko jardunaldian Leaburukoak eta Larretxeak jokatuko duten saioan erabakiko litzateke. Saioa ederra izatekoa da. Ez dago faborito garbirik, lana ongi baitatorkio Arrospideri ere, eta bi aizkolari beteranoak lan ederra egiteko gai dira.
Arratsaldean, Olasagasti eta Txapartegi neurtuko dira Idiazabalen, eta A multzoko bigarren jardunaldia izango da. Lehenengoan, Olasagastik galdu egin zuen Nazabalekin, eta hori nahitaez irabazi beharko du. Garaipena lortuta, azkeneko jardunaldian erabakiko litzateke dena, orduan arituko baitira Nazabal eta Txapartegi. Galduko balu, berriz, Olasagasti kanpoan geratuko litzateke, eta Txapartegik finalerdietako txartela segurtatuko luke. Hala ere, Olasagasti faborito garbia da, eta normalena ere, Igeldokoak irabaztea litzateke. Txapartegi, berriz, aurtengo ezustekoa da. Otaño, Etxebeste, Peñagarikano eta Mugertza mendean hartuta iritsi da final-laurdenetara. Berak bere lana egin du, eta ligaxka honetan galtzeko ez dauka ezer; irabazteko, berriz asko. Bi saio horietan lan bera egin beharko dute. Hasteko, kana-erdikoa zutik moztu beharko dute.Gero, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu arituko dira. Hori amaitutakoan, 45 ontzakoa erlojuz kontra ebakiko dute, eta ondoren, 60 ontzakoa zeinek azkarrago moztu arituko dira. Azkenik, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko dituzte.
Idizabalera joaten direnek 23 urtez azpiko aizkolarien saioa ere ikusi ahal izango dute, bertan izango baitira aurrez aurre Otaegi eta Amillano. Zizurkildarrarentzat lehendabiziko saioa izango da; eta Amillanorentzat, berriz, bigarrena. Horrek, ordea, lehen saioa galdu zuen Mugertza II.arekin, eta etzi berriro ere gauza bera egiten badu, amaitu egingo da beretzat aurtengo lehiaketa. Joseba Otaegik ekinaldia bereganatuko balu, jardunaldi baten faltan finalerdietarako txartela segurtatuko luke. Bera izango da, gainera, saio hori irabazteko faboritoa.
|