- Osasuna
Baliteke Osasunak igandean ziurtatzea Txapeldunen Ligarako sailkapena
·Santanderren irabazten badu, aurkariek ezin izango dute Nafarroako taldea harrapatu
IRUÑEA
Litekeena da Osasunak igandean eskuratzea bere historiako lorpen handiena. Azken jardunaldian izandako emaitzei esker, gainera, talde gorritxoak eskuan dauka Txapeldunen Ligarako sailkapena:Santanderren irabazten badu, aurkariek ezin izango dute harrapatu, nahiz eta partida guztiak irabazi.Vicente Calderonen lortutako garaipenaren ondorioz, Osasunak 65 puntu dauzka. Celta Bartzelonaren aurka galdu zuen 60 puntutan geratu da eta Sevilla 59raino heldu da. Galiziako taldearen gainetik geratzeko, nafarrentzat nahikoa izango litzateke bi puntu gehiago eskuratzea: 67raino helduko lirateke eta Celtak, gehienez, 66 lor ditzake. Berdinduta amaitzen badute Liga, berriz, Fernando Vazquezen taldeak eskuratuko luke TxapeldunenLigarako txartela, berezko golaverage-an berdinduta egon arren, Celtak baitauka golaverage orokor onena. Sevillari dagokionez, Osasunak puntu gehiago behar ditu laugarren postua defendatzeko. Nahiz eta gaur egun andaluziarrek sei puntu gutxiago izan, partida bat gehiago jokatu behar dute;9 puntu lortzeko aukera dute, beraz. Horrela gertatzen bada, eta Osasunak garaipen bakarra lortzen badu, berdinketak gorritxoen alde egingo luke, bai Sadarren baita Sanchez Pizjuanen ere irabazi baitzuten. Gezurra badirudi ere, Osasunari Sevillak, gutxienez, partida bat irabaztea komeni zaio. Azken jardunaldian Real Madrilen aurka jokatuko duen norgehiagoka, hain zuzen ere. Nahiz eta madrildarren aurka galdu ondoren bigarren posturako borroka galduta zegoela iruditu, postu horretan amaitzeko aukera zaila baina garbia dago oraindik. Batez ere, Valentziak, asteazkenean partida galdu zuenak, azken jardunaldian partida Iruñean izango duela kontuan hartuta. Izan ere, David Villak atzo bigarren postua arriskuan ikusten duela onartu zuen, Real Madril eta Osasuna nola doazen ikusita.
Lan-saioa, Madrilen
Taldea, bestetik, atzo arratsaldean iritsi zen Iruñera, goizean Madrilen entrenatu eta gero.Errekuperazio saioa izan zen asteazkeneko titularrentzat;gainerako jokalariak, aldiz, intentsitate handiagoarekin aritu ziren. Deialdiko 18 gizonekin batera entrenatu zen Valdo; izan ere, bezperan partida ikusteko Madrilera bidaiatu zuen. Iruñean geratu zirenek, bestetik, Taxoaren egin zuten lan. Gaur hasiko dira gorritxoak Racingen aurkako norgehiagoka prestatzen. Javier Aguirrek Claveroren ordezkoa bilatu beharko du, defentsak ezin izango baitu jokatu, Calderonen txartel gorria ikusi zuelako.
|