Julen Murgoitio
Jabeartzea
Maiatzean sartu berriak gara. Hormako egutegiari begiratu gabe naiz ni horren jakitun. Bai, urtez urte hemengo edo hango plazan Internazionala kantatzen dudanean, orduantxe dakit nik maiatzak hartu berri gaituela. Izan ere, urtean behin baino ez dut nik kanta hori kantatzen, ohitura kontua seguruenik. Egia esan, ez naiz batere kantuzale, Agur Jaunak bera ere inoiz ez nintzen kantatzera ausartu, orain urte askotako lehorte luze hartan nire auzoko baserritarrak behin baino gehiagotan erreguan etorri bazitzaizkidan ere. Ezin. Sinestuta nago, eta horrelaxe azaldu dut sarri, nire belarriak buruaren apaingarri hutsak baino ez direla, edergarri direla esatera ausartu barik, buruari nolabaiteko simetria emateko ipiniak, besterik ez; Eusko Jaurlaritzan Ezker Batua bezala, batzuek dioten modura. Beharbada, hala ere, urteak pasatzean nire begiek beharko dituzten betaurrekoen euskarri izan litezke, gaitz erdi! Baina momentuz kanturako, eta hori da orain kontua, total antzuak. Askotan kantatu dudan kanta bakarra, plazako jende multzoan ezkutua beti ere, Eusko Gudariak da, azalpenik behar ez duen arrazoiarengatik. Normala, beraz, nire etxeko kantu-liburuak aspaldian sitsek hartuak izana. Eta hauxe kolpea!, sitsok beraiek ere kantutan egin ez!, familia kontua izan behar du nireak.Edozelan ere, maiatzean gara. Internazionala datorren urterako gordeta, laster izango dugu maiatzean segitzen dugula beste adierazle bat kalean. Bai, jaunartzeez nago orain. Ezin sinestuta nabil. Nire garaian marinelaz jantzi, zuriz goitik behera, zapatetaraino behinik behin, lelo aurpegia ezin kendurik, eskuak paparrera bilduta goiz osoan, eskularruak eta guztiz, eta lehenengo ostia hura ahoratua, baraurik egonda gainera.... tira! ulertzekoa zen eszenario hartan! Baina orain, hogeita batgarren mendean abiaturik, interneten sasoian, erakundeak sueten iraunkorra gauzatu duenean, ostiak berak seguru transgenikoak direnean, Aita santuak italiarra izan zertan ez duen honetan, orain, eszenario berri honetan, jaunartzeak izaten segitzea sinestezina iruditzen zait niri! Baina zer demontre kontatzen diete oraingo umeei katekesian? Nagusitan eusko-barometroko galderei zelan erantzun ote? Internazionala kantatzen seguru ezetz. Harrituta nago ni. Eta gainera, marinelaz janzten segitzen dute!, eta zuriz! Ulertzekoa da antxoarena, halako marinelak egonda. Pirataz eta beltzaz balitz sikiera! Goiko jauna hartu gabe lurrean jaun eta jabe egin dena Boliviako herria da. Jabeartzea izan da horiena. Egia bada Jaungoikoak zazpi egunetan sortu zuela mundua, eta egia bada laugarrenean arratsaldez petrolioa eta gasa Boliviako lurpean utzi zituela... hori egia bada, arrazoi handiagoa oraindik hango herria hango baliagaien jaun eta jabe egiteko. Orain arteko zurrupatzaileak ahoa bete hortz geratu badira ere. Ea laster batean hortzak berak ere jausten zaizkien Boliviako olatua tsunami bihurtuta, eta azkenean ahoa bete huts geratzen diren! Boliviakoa jakitean bitan kantatu dut Internazionala aurtengo maiatzean, merezi izan du eta! -
|