Iratxe Esnaola Arribillaga - Informatikan ingeniaria
Parte-hartze e-demokratikoa eta software librea
Internetek askatasun eta demokraziarako eremu berriak ireki dizkigu, omen. Demokrazia elektronikoak gizartea aldatuko duela esaten duenik ere bada: erabaki garrantzitsuak zuzenean eta segundo gutxitan har baitaitezke. Partaidetza ere indar dezake: zuzenean bozkatuz eta orain arte landu ez ditugun arloa ukituz; eta egun beste batzuek hartzen dituzten prozesu erabakiorretan esku hartuz. Demokrazia elektronikoak demokrazia bera parte-hartzaileago bilaka dezake. Baina nola jakin dezakegu boto-emaile edo hautesleok ez dela «iruzur elektronikorik» egon(go)? Nola bermatu gure botoa sekretupean eman (ahal) dugula eta ez diola inork sistemari eraso egingo? Eta ikuskapen mekanismorik ezar daiteke? Nola lagun gaitzake software libreak kezka hauek gainditzen?
Parte-hartze e-demokratikoa Bozka elektronikoa demokrazia elektronikoaren oinarria da: agiri baten bidez identifikatu eta botoa hautestontzian sartu ordez, sinadura digitala erabili eta makina batean datua gordez bozkatuko dugu. Hauteskunde mahaietara gerturatuz, edo Internet bidez. Baina elektronikoki. Egun ba- dira bozka elektronikoa ahalbidetzen duten sistema informatikoak. Asko eta era askotakoak. Baina gizarteak korapilatsuak dira. Gero eta gehiago. Eta garatutako gizarteek konplexutasun maila handia lortu dute: eta are sistema politiko konplexuagoa behar dute. Horrexegatik, ez da hain erraza askatasun, pribatutasun eta se- gurtasun irizpide guztiak beteko dituen bozketa elektronikorako sistema informatiko bat aurkitzea. Baina badaude tresnak, bai teknikoak eta bai legalak. Bozketa elektronikorako sistema batzuk erabakia hartzeko dira. Besteak botoen zenbaketarako. Eta beste batzuk inkesta eta kontsulta anonimoetarako. Bozka elektronikoak parte-hartze aktiboago bat bultzatzen du. Baina elektronikoa izanagatik, ezin ditu demokraziaren oinarrizko printzipioak alboratu: bozka elektronikoak askatasun, aniztasun eta berdintasun abiaburuak bermatu behar ditu. e-askatasunak botoa eman eta ez emateko. Eta askatasunak botoa eman aurretik, bitartean, eta ondoren, bozketaren nondik norakoak jakiteko: informatua izateko. Guk aukeratu behar dugu bozkatu edo ez bozkatu. Zer bozkatu, eta nola bozkatu. Bozketa sistemak ezin du murrizketarik onartu. Software edo programa konkretu bat behar badugu, software horrek librea eta doakoa behar du izan: eskuragarri egon. Eta sistema garatzeko erabiltzen ditugun protokoloak, publikoak. Eta Internet bidez egingo bada, bozketa elektronikorako sistema nabigatzailearekiko independentea izan behar du. e-askatasun honen zutabea informazioa da: aurretik kontsultara zabaldutako gaia ezagutzeko aukera izatea; eta zein metodologia aplikatuko den; zein aukera ditugun; eta aukera bakoitzak zein inplikazio dituen. Informazio iturri anitz eta ezberdinak izango ditugu aukeran. Eta hauek ezinbes- tekoak izango dira: kontsultak, publikoak izango badira, informazioa irekia behar baitute izan. Eta, gainera, boto-emaileok bozka elektronikoa ez den beste mekanismo bat aukeratzeko aska- tasuna ere izan behar dugu: aro digitalean bizi garen arren, posta ziurtatua ere oraindik existitzen baita! Bozketara deitutako gaietan aukera ugariak izan daitezke. Nahi adina aukera egon daitezkeela esatera ere ausartzen naiz. Demokrazia elektronikoak politika-aniztasuna berma dezake: proiektu oro aurkezteko aukera emanez, baldintza berberak defendatuz, eta gauzatzeko aukera berbera eskainiz. Baina teknologia gutxiagorekin berez ematen ez denak ez du demokrazia elektronikoa ekarriko. Teknologiak ez dakar bere baitan egiazko demokrazia. Are gehiago: unibertsaltasunaren kezka areagotzen du. Bozketa elektronikorako aukeratzen dugun sistema, dena dela ere, parte hartu nahi duen orok parte hartu ahal izatea bermatu behar da: nahitaezkoa da bozketa elektronikorako erabilitako teknologia guztion eskura egotea. Demokrazia elektroniko eraginkorretan analfabetismo teknologikoak ez du lekurik, ez eta bitarteko edo baliabide ekonomikoen gabezia ere: e-berdintasuna halabeharrezkoa da. Eta teknologia berrien uretan, software librea da auzi hauek guztiak itotzen dituen olatu bakarra. Software librea e-demokrazian
Guztiok izan behar dugu bozketa elektronikoetan parte hartzeko aukera: parte-hartzeak unibertsala izan behar du. Globalizazioaren arazorik larrienetako bat herrialde teknologiko eta ez-teknologikoen arteko aldea handitzea da. Eta gizarte bakoitzaren mugagabetasunean ere fenomeno berbera nabarmen azaltzen da. Software librearen helburuetako bat, besteren artean, teknologia gizarteko kapa guztietara iritsaraztea da: askatasun filosofia eta erabilpen lizentzia librea ditu oinarri. Baina Administrazio Publikoaren erantzukizuna da eskubide eta aukera berdintasun hori bermatzea. Demokrazia elektronikoan ezin onar daiteke, ezagutza edo baliabide urritasunagatik, inork bozka eskubidea galtzea. Inor ezin da prozesu demokratikotik erbesteratu. Inor ezin da arrotz sentitu. Hori horrela, software libreak bakarrik eskaintzen digu jendartearen eskubidea osotasunean errespetatuko duten sistema informatikoak garatzeko teknologia. Teknologia libreek askatasun, segurtasun eta berdintasunaren bermea eskaintzen digute. Sistemaren iturburu-kodea ikusi ahal izatean gerta daitezkeen akatsak (nahitakoak edo ez) antzematea ahalbidetzen du. Eta are gehiago: iturburu-kodean sistemak ustez egin behar duena egiten duen egiazta dezakegu, eta ez beste ezer.
Bozketa elektronikoan oinarritzen diren sistemak gero eta gehiago entzungo ditugu. Eta ez soilik demo- krazia elektronikoari lotuta. Erabakia hartzearen mundua ez da hauteskunde elektronikoetara mugatzen. Aplikazio asko ditu. Asko eta asko: mota eta diziplina ezberdinetako talde, erakunde eta enpresetan. Erabaki txikienetatik hasi eta jendartearen ordezkaritza politikoa aukeratzerainoko prozesuak izango ditugu: erraz, maiz, azkar eta modu seguruan. Ohitzen joan beharko dugu. Eta sistema ulertzen saiatzen. Informazioa biltzen eta trebatzen: teknologia geureganatzen. Prozesu demokratikoak izango dira, ustez: elektronikoak edo ez, baina demokratikoak. Ezin dugu ahaztu: (e-)demokraziak librea izan behar badu, informazioa ere hala behar du. Zilegi irudi du, egun, prozesu politikoez solas egiteak. Bat irekia dugu. Eta parte-hartzailea izan behar du. Derrigorrez.Parte, esku hartu: parte izan, hitza hartu. -
|