Errepresio bideak atzean uzteko deia egin die PSOEri eta EAJri Julemendi Elkarteko lagunek
ZAMUDIO
Fernando Grande-Marlaska epailearen agindupean itxi zuten herenegun, 10.00etan, guardia zibilek Zamudioko Julemendi Kultur Elkartea; hain zuzen, joan den astean kultur elkarteko sortzaileetako zazpi kidek Madrilen deklaratu eta gero. Guardia Zibilak, armak eskuan, Zamudioko herriko taberna itxi eta hogei eta sei ordu eskasetara agerraldia egin zuten Julemendi Kultur Elkarteko kideek bere atarian. Manifestazioa ere egin zuten eguerdian, eta EAJko alkate eta zinegotziak interpelatu zituzten segidan asteotan izandako jarrera salatzeko. Audientzia Nazionaleko epaileak Julemendi elkartea bi urtetarako itxiarazteko autoa kaleratu izana, hori bera itxi bai eta Zamudioko bizilagun Ibon Meñikaren atxilotzea eta espetxeratzea gogor salatu bazituzten ere, udalerriko EAJko alkateak asteotan izandako jarrera ere deitoratu zuten elkarteko kideek. PSOE eta EAJ izan zituzten euren salaketetan jo puntu nagusitzat.
«Yarza, noren alkatea?» Ibon Meñika zamudiotar gaztea apirilaren 18an atxilotu zutenetik herrian jazotako gertaeren kronika egitearekin batera, horrren azken kapitulua izan den elkartearen itxiera gogor salatu zuten, baita bere irekiera lehen bait lehen izan dadin eskatu ere. «Julemendi Elkartearen izenean gure salaketa bortitzena plazaratu nahi dugu era- baki honen aurrean, eta 23 urte luze eta gogor hauetan zehar herriarekin eta herriarentzat lan egin duen Julemendi Kultur Elkartea berehala zabaltzeko exijitzen dugu, Elkartea herriaren baita», nabarmendu zuten. Zamudion emandako «egoera larri» horien aurrean EAJren «arduragabekeria» gogor salatu zuten atzoko agerraldian, «ez duelako agertu inolako interesik, ardurarik eta are gutxiago konpromisorik». Adibide gisa, joan den astean Udalean aurkeztutako «urjentziazko» eskaerak ez duela inolako erantzunik jaso aipatu zuten. Gainera, ostegunean egindako plenora hainbat herritar bertaratu ziren azalpen eta bilera baten eske Udalari, eta EAJko Sorkunde Yarza alkatearen erantzuna ere gogor salatu zuten; izan ere, Meñikaren atxilotze eta espetxeratzea, Madrilen zazpi herritarren deklaratzea eta Julemendiren itxiera gai-ordenean «lekuz kanpo» zegoela erantzun baitzuen, bai eta plenoa bertan behera utzi eta Ertzaintza deitu udaletxe atarira ere. Azken asteotan kasik egunero bezala, atzo ere manifestazioa egin zuten ehun bat lagunek Zamudioko kaleetan barna. Gainera, Zamudioko Soinu-Tresnen Elkartearen hamargarren urteurren ospakizuna zela-eta, Udaleko zinegotziak eta alkatea ere herri bazkarian izan ziren. «Sorkunde Yarza, noren alkatesa? PNV espainol» lelodun pankarta eskegi zuten bertan, bai eta bazkalaurretik EAJko zinegotzi eta alkatea inter- pelatzen aritu ere.
|