GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-05-13
Argazkilaritzaren aniztasuna erakutsiko dute Biarritzen ibilbide historikoren bidez
·Argazki jaialdiak gaur zabalduko ditu ateak. Maiatzaren 21a arte sei gunetan banatuak egonen dira erakusketak

Goizeko hamarretan zabalduko dituzte gaur Biarrizko argazki jaialdiko erakusketak. Orotara sei izanen dira, Bellevue aretoak, Crypte Saint-Eugenie elizak, herriko kasinoak, Le Royal zinema aretoak, Itsas Museoak eta herriko kasinoaren aurreko plazak argazki arloaren berezitasun guztiak erakutsiko dituzte. Maiatzaren 21a arte, argazkilaritzaren aberastasuna ikusten ahalko da antolatzaileek proposatzen duten sei guneetatik ibilbide historikoa eginda.

BIARRITZ

Aline Pujo Neuflize Vie/ABN AMRO banketxeko bildumako kontserbatzailea Biarrizko argazki jaialdiaren zuzendari artistikoa da aurten.

Lanpostua joan den azaroan hartu zuen, eta banketxearen bitartez bilduriko obrei eta harremanei esker, aurtengo jaialdia antolatzea lortu du. «Oso epe laburra izan dut jaialdia antolatzeko; beraz, nituen baliabideekin egin dut. Ekitaldia burutu bezain laster, azterketa eginen dugu. Erran daiteke urte hau niretzat test bat izanen dela», azaldu zuen. Hamar egun izanen ditu Aline Pujok aurtengo jaialdirako aukeraturiko ildo nagusiak ikusleak erakartzen dituen ikusteko.

Gaur, goizeko hamarretan hasiko dute jaialdia. Iazko jaialdia trantsizio urte bat izan zela-eta, argazki jaialdia Biarritzen sendotzea izanen da aurtengo Pujoren erronka nagusia. Herriko sei gunetan zabalduak, Biarrizko ondareari egokituak diren obrak aukeratu ditu zuzendari artistikoak.

Horrenbestez, zuzendari izanik erakusketak lantzeko bi xede izan zituela nabarmendu zuen: alde batetik, argazki artistiko arloan egun artistek baliatzen dituzten forma guztiei begirada bat eskaini, eta, bestalde, Biarritzen gaindi ibilbide artistiko eta historiko bat proposatzea.

Aniztasuna

«Gaur egun argazkilaritzan baliatzen diren euskarri eta teknikak askotarikoak dira. Paperetik hasita, kolorezko argazkiak, diaporamak, performance-ak, bideoa; hau da, euskarri mota asko daude. Aberastasun hori guztia agerian jarri nahi izan dut jaialdi honetan. Horiek hala, gunez gune, ikuspegi orokor bat eskaintzen zaio ikusleari», adierazi zuen.

Argazkiak ibilbide historiko baten bidez ezagutzeko aukera izanen dute bertaratuko direnek. Bellevue aretoan aurkeztuta dagoen “Hirian ibilbidea” argazki erraldoien erakusketa; Claude Closky Crypte Sainte-Eugenie elizan 2005. urtean Marcel Duchamp saria eskuratu zuenaren bideoa; Itsas Museoan Veneziako Biurtekorako errusiarren artista talde batek landuriko “The Bleu Noses” bideoa; herriko kasinoan Pierre Leguillonen performance-a eta filmeak; Le Royal zinema aretoan argazkilarien film proiekzioak, eta, azkenik, kasinoaren aurrean dagoen plazan, pantaila erraldoi batean ilunabarreko proiekzioak ikusteko parada ukanen dute ikusleek maiatzaren 21a arte.

«Erakusketak herrian barrenako ibilaldi historiko baten antzekoak dira. Erakustoki bakoitzak bere historia kontatzen du. Eta, horien erdian, Bellevuen jaialdiko gaikako erakusketa bakarra azaltzen da», argitu zuenPujok.

Artistek obretan jorratzen dituzten gaiek garrantzi handia izan dute zuzendari artistikoarentzat hautaketa egiteko. Agertzen diren obra gehienekgaurko gizartearen arazo nagusiekin bat egiten zutela nabarmendu nahi izan zuen.

Biarritz jaialdi nagusi bat

Ildo nagusi horiek aukeratuta, Pujok onartu zuen bere helburua Estatu frantsesean dauden argazki jaialdien eremuan Biarritz hitzordu nagusi bilakaraztea zela. «Gutxi dira argazki jaialdiak, eta bakoitzak bere eremua lantzen du. Tolosakoak, eman dezagun, arte garaikidea osotasunean azaltzea erabaki du. Perpinyan, berriz, kazetarien argazkiak dituzte nagusiki erakusketan, eta, Harlesen, azkenik, agentzietako lanak dira nagusi. Donostiako De foto, bestalde, argazki feria bat da. Panorama horretan, Biarritzi berezko nortasun bat eman nahi izan diogu aipatu ditudan bi ildo nagusi horiek landuta», nabarmendu zuen.

Mundu zabaleko obrak daude, beraz, ikusgai Biarrizko jaialdian. Claude Closky, Xiang Liqing, Pierre Leguillon eta Jerôme Schlomoff ospe handiko artistekin, argazkilari gazteak ezagutzeko aukera ematen du jaialdiak.

Aurtengo edizioa burutu bezain laster, Aline Pujo buru-belarri sartuko da ondoko jaialdia prestatzen.

«Epe laburra izan dut. Biarritzen aurreko urteetan izandako jaialdi gehienetan ibili banaiz ere, Parisen bizi naiz, beraz, oraindik asko dut egiteko. Zazpi hilabetez horrelako jaialdi bat antolatzea oso erronka handia izan da. Ondoko urteetan gauzak errazagoak izanen dira, eta, lekuko argazkilariekin ere harremanetan jartzen ahalko naiz», aipatu zuen, azkenik, Pujo zuzendariak.

 


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Ekonomia
Un muerto y seis heridos en tres accidentes registrados en Larraga, Hernani y Gasteiz
Mundua
Más de 150 muertos por la explosión de un oleoducto en el sureste de Nigeria
Kultura
Zinemaldia homenajeará a Ernst Lubitsch
Euskal Herria
Lakua envía casi cada semana informes de las actividades de Batasuna a la AN
Ekonomia
El IPC se dispara un 1,2% en abril por el vestido y el calzado
Euskal Herria
«La clave del proceso está en el debate democrático en Euskal Herria»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea