Bilgune Feministak emakumeen errealitate kulturala aztertuko du
BILBO
Duela bi urte, emakumeek sortutako ekoizpen kulturalak jasaten duen «ikusezintasuna» salatzeko, Euskal Herriko Bilgune Feministak “Plazara” proiektua jarri zuen abian. Egitasmo horren jarraipena orain egingo da, Durangon hilaren 20an egingo den jardunaldi batean.
“Plazara” proiektua bi urtean behin egiteko ideiarekin sortu zen. Aurtengoak emakume artisten egoera aztertzea du helburu. «2004an, hainbat espresio kultural ezberdin eraman genituen kalera. Aurten, kultura ekoizpenak bisibilizatu beharrean, hausnarketa bat egin nahi dugu», esan zuen Rosa Iriartek, Bilgune Feministako kideak, atzo eman zuen prentsaurrekoan. Beraz, larunbatean, Durangoko Lesa Landako Erakustazokan, mahai-inguru bat egingo da 10.30etik aurrera, hurrengo partaideekin: Inma Errea (idazlea), Maite Bastos (aktorea), Oihane Perea (bertsolaria), Lurdes Mendez (Arte Ederretako irakaslea) eta Zaloa Gurain (abeslaria).
Bilgune Feministaren ustez, «patriarkatuaren ondorioz», emakume artisten egoera gizonenarekin alderatuz ezberdina da, eta emakumeek kultura ekoizpenak sortzeko «eragozpen espezifikoak» dituzte. Lanaldi bikoitzak, amatasunak eta mendeko pertsonen zaintzak emakumea kultu- ra lanak sortzeko denborarik gabe uzten dutela nabarmendu zuen talde horrek. Era berean, emakumezkoen lanak «gutxiesteko» joera dagoela uste dute. «Gizonek idatzitako literatura ‘unibertsaltzat’ hartzen den bitartean, emakumeek idatzitakoa ‘literatura femeninoa’ kontsideratzen da», gogora ekarri zuten. «Emakumeen ekoizpen kulturalak ez dira jada arras ikusezinak, baina gizonezkoenak baino ikusgaitzagoak bai gaineratu zuen Inma Errea idazleak. Arrazoi asko daude tartean, eta sakon eta poliki aztertzeak merezi du».
|