Prachanda eta Koirala Nepalgo bake prozesuan buruz buru
Nepalen ereiten ari den bake prozesua «behin betikoa» izango delakoan dago gerrilla maoista. Hori dela-eta, negoziazio mahaian goi-mailako ordezkariak izango dira, maoisten aldetik Prachanda buruzagia, eta Gobernutik Koirala lehen ministroa. Data ez dago zehaztuta, baina Konstituzioa berritzeko biltzarra sortzea adostu dute behintzat.
KATMANDU
Nepalgo Gobernuaren eta gerrilla maoistaren arteko negoziazioetarako zutabeak jartzen ari dira, apurka-apurka bada ere. Eta zutabe sendoak jarri nahian, alde bakoitzeko goi- mailako ordezkariak aukeratu dituzte negoziazio mahaian jesartzeko. Gerrillaren aldetik Prachanda buruzagi nagusia arituko da; Gobernuaren aldetik, ostera, Girija Prasad Koirala lehen ministroa.
Prachanda hiru ordezkari izendatzekoa zen, baina lehen ministrordeak Prachanda bera negoziazioburu izatea nahiago zuen lidergo sendoak prozesua arinduko zuelakoan.
Hizlariak hautatuta, negoziaziorako baldintzak ere ezarri dituzte. Gerrillarien eskakizunetako bat adostu dute jadanik, konstituzioa aldatzeko biltzar bat osatzea, hain zuzen ere. Biltzar hori onartzeko Gobernuak jarritako oztopoek eragin zuten 2002 eta 2003 urte bitarteko negoziazioen porrota.
Gerrillarien beste baldintza bat presoei dagokie. Egun 1.400 maoista daude Nepalgo espetxeetan, eta beste 140 Txina eta Indiakoetan. Horiek guztiak aske egon arte bake prozesuak aurrera egingo ez duela ohartarazi zuen Nepalgo Alderdi Komunistako (maoista) kide Matrika Yadavek. Gerrillarien ustez, ereiten ari den prozesua «behin betikoa» izango da.
Bestalde, Gyanendra erregearen agindupean egondako bost ministro atxilotu zituzten atzo, apirileko manifestazioetan giza eskubideak bortxatu izana egotzita. Barne ministro ohi Kamal Thapaz gain, Atzerrikoak, Komunikazioetakoak eta beste bi goi karguk gutxienez hiru hilabeteko atxiloaldia bete beharko dute «boterearen gehiegizko erabileragatik eta diru publikoaz jabetzeagatik», poliziakide batek azaldu zuenez.
|